Duela hamar urte, alaba zaharrena Baztan Ikastolan matrikulatu zutelarik, hurbildu zen ikastolen mundurat Elena Zabaleta Andresena (Oronoz, 1978). Orduantxe ezagutu zuen ikastola barnetik, eta ez da atera geroztik. «Ikastola zer den probatzen duzularik, kutsatu egiten da. Horixe gertatu zait niri». Hala aitortu digu, ikastolan etxean bezala sentitzen dela. «Hausnartzen hasiko banintz, gaur egun ez nuke ikastola ez den bertze mundu batean ikusiko nire burua». Etxeko ikastolari lotuta eman du azken hamarkada: Guraso Elkarteko kidea izan zen, baita lehendakaria ere, 2013tik 2015era, tartean, Nafarroa Oinez Baztanen egin zen urtean. Gaur egun ikastolako Guraso Elkarteko harreman instituzionaletarako arduraduna da, baita Baztan Udal Patronatuko eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko Nafarroa Oinez batzordeko kidea ere. Berriki, ordea, bertze urrats bat eman du: martxoaren 25etik Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria da. Miresmenez mintzo da ikastolez eta itxaropentsu hartu duen ardura berriaz.
Zer aurkitu duzu ikastolen munduan?
Arras aberatsa dela. Gurasook ere ikastolako parte gara, guraso izatea ez baita umea ikastetxean uztera bakarrik mugatzen. Gisa horretara, bai bertze gurasoekin baita irakasleekin ere sortzen den harremana, auzolana... izugarri aberatsak dira. Bertze gurasoen artean mugituz lagun on-onak egin ditugu eta irakasle eta zuzendariarekin elkarlanean, ikastolako juntaren bitartez, gurasooi egokiak iruditzen zaizkigun proiektuak proposatzeko aukera dugu. Hori arras aberatsa da gure seme-alabak hazteko denboran, eta batez ere beraien heziketan.
Salto handia izan da ikastola batetik 15 ikastola biltzen dituen elkarteko lehendakaritzara ailegatzea?
Bai, salto potoloa izan da, batez ere ikuspuntua aldatu behar delako. Orain arte etxean egon naiz, Baztan Ikastolan, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaritza hartu dudalarik ikuspuntua aldatu behar izan dut. Orain ez naiz Baztan Ikastolakoa bakarrik, Nafarroako 15 ikastoletakoa da. Eta Nafarroa zerbait baldin bada anitza da, hegoaldetik iparraldera eta ekialdetik mendebaldera arras diferentea da. Mila agertoki edo arazo tokatzen ahal zaizkizu, eta denak mugimenduarenak dira.
«Erronkak beti eta ikastola guztietan izaten dira»
Zer erran nahi du zuretzat kargua hartzeak?
Azpi-azpitik hasi nintzen, Baztan Ikastolan auzolanean. Nolabait errateko, gela bat pintatzen hasi nintzen eta 15 ikastolen elkarteko lehendakari izatera ailegatzea ohore handia da niretako. Nire ibilbidean urrats handia izan da eta kontent nago. Nire lanak ongi egiten saiatuko naiz.
Nolako bidea egin duzu kargua hartu zenuenetik?
Asanblada bidez aukeratu ninduten. Ikastola guztiek eman zuten botoa eta ados ziren ni lehendakari izatearekin. Oraindik aste guti pasatu dira, tartean Aste Sainduko oporrak, eta martxa hartzen ari naiz. Bilerak eginez, informazioa jasotzen eta helarazten...
Aurkezpenean, familien inplikazioa aipatu zenuen...
Ikastolak herritik eta herriarendako sortu ziren, gurasoen lanaren bidez, ikastolak aitzinerat ateratzeko helburuarekin. Eta hortik doa gurasoen inplikazioa. Edozein lan egin behar delarik, gurasoak beti lanerako prest gaude. Eta ez gure ikastolan soilik; Nafarroa Oinezetan ere hor egoten gara, baita urtean zehar egiten diren bertze ekintzetan ere. Adibidez, Iruñeko sanferminetan paratzen den txosnako txandak 15 ikastoletako jendearekin osatzen ditugu. Auzolana eta gurasoen inplikazioa zutabe garrantzitsuak dira ikastolan.
Irakasleen etengabeko formazioaz eta ikasleen konpetentzia pertsonal eta sozialen garapenaz ere aritu zinen...
Euskal Herriko ikastolak etengabe proiektu berriak edo hezkuntza sistema berriak aztertzen ari gara. Ez bakarrik hemen, baita Europa mailan ere, formakuntzak jaso eta informazioa xurgatzen dugu. Gure iniziatibarekin eta gure lanarekin curriculum propioa lortzen dugu. Helburu nagusia gure haurrek heziketa hoberena izatea da.
«Hemengo ikastolek ez dute ja ikustekorik erriberakoekin»
Zein da zure egunerokoa lehendakari lan honetan?
Egunero bere tartea eskaini behar izaten diot lehendakari karguari. Gehienbat etxetik egiten dut lan eta puntualki Iruñera eta Euskal Herriko Ikastolen elkarteko bileretara joan behar izaten dut. Gainerakoan, 15 ikastoletako lehendakaria izanda, enbaxadore lana egitea ere tokatzen zait, aurpegia ematea. Hala, Lekeitioko Ibilaldian izan nintzen eta Herri Urratsen ere bai.
Zein da gaur egun Nafarroako ikastolen egoera?
Nafarroa anitza denez, ez dute ja ikustekorik gure eskualdeko Baztan Ikastola, Lesakako Tantirumairu eta Berako Labiaga ikastolek eta, adibidez, Tuterako Argia ikastolak. Ingurua eta herritarren jarrera eta izaerak arras diferenteak dira. Horrek ez du erran nahi leku batzuetan gauzak lortuak direnik. Gauzak berriak egin edo daudenak aldatzeko erronkak beti eta ikastola guztietan izaten dira. Orokorrean, ikastolak ongi daude, bakoitza bere berezitasunarekin, baina finkatuta, eta eguneroko lanarekin aitzinera eginez.
«Garrantzitsuak dira gurasoen inplikazioa eta auzolana»
Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoera nolakoa da?
Orain dela lau urte, elkartearen barne funtzionamendua aldatu genuen. Geroztik ikastolak eskualdeka ordezkatuak daude eta gisa honetara lana arinagoa izatea lortu da, pisudun batzorde edo foroak ez baitira eramangarriak. Eskualdeka hilabetean behin elkartzen gara, eta eskualdeko ordezkari horrek berak ordezkatzen dituen ikastoletako informazioa helarazten du Iruñera eta alderantziz, Iruñetik datorrena ere helarazten die bere eskualdeko ikastolei. Horrez gain, urtean behin ohiko eta ez-ohiko asanbladak egiten ditugu eta badira langile finkoak ere. Aldaketa onerako izan zen eta arras ongi funtzionatzen du NIEk.
Bere garaian, lan-hitzarmena protesta iturri izan zen Nafarroako ikastoletako langileen artean. Orain, ordea, onartua da...
Nik kargua hartu baino egun batzuk lehenagotik sinatu zuten lan-hitzarmen berria, martxo hasieran. Urrats garrantzitsua izan da, urteetako negoziazioen ondotik; Ikastoletako langileak zutabe garrantzitsua dira gure hezkuntza elkartean eta arras baldintza duinak dituzte.
Zer lortu da?
Akordio batera iristea. Langileei eskubide berriak aitortu zaizkie, eta soldataz gain, genero berdintasunerako eta kontziliaziorako hobekuntzak egin zaizkie. Interpelazio lerro komuna lortu da instituzioekin. Orain hitzarmenaren hizkuntz eta alderdi juridikoak errebisatzeari ekinen diogu, sindikatuekin batera.
«Ikastola zer den probatutakoan, kutsatu egiten da»
Zein harreman duzue Nafarroako Gobernuarekin?
Azken lau urteotan harremanak arras onak izan dira eta horrek erraztasun handia eman digu lanerako orduan. Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita, ez dakigu zer aterako den, baina orain arte izan dugun harremana mantentzea gustatuko litzaiguke.
Eta Baztango Udalarekin?
Primerakoa. Baztan Ikastola udal eskola publikoa da eta konposaketa berezia du. Hamar lagunek patronatua osatzen dugu: ikastolako lau gurasok, zuzendariak eta idazkariak, eta Udaletik alkateak eta hiru zinegotzik. Udalarekin beti harremanetan gaude eta beharraren arabera, elkartzen gara.
Gaur egun, ikastola duten ia herri guztietan D ereduko eskaintza publikoa dago. Zein da ikastolek egiten duten ekarpena?
Ni Elizondon bizi naiz eta maiz tokatu zait aditzea ez dela ikastola beharrik Baztanen, D eredua sistema publikoan badelakoz. Sistema publikoak bere sistema du eta ikastolak bertzea: gure seme-alaben hezkuntza gure esku dago. Ikastoletan material propioa dugu eta horrekin curriculum propioa sortzen dugu. Gurasoen parte-hartzea ere hortxe dago eta horrek ere desberdintzen ditu ikastolak. Auzolana ere nabarmentzekoa da. Nik uste dut biak bateragarriak direla, bai ikastolak baita sistema publikoa ere. Euskara dugu ezaugarri nagusi bietan, ikasteko, hezteko eta hazteko manerak desberdinak diren arren. Nik ikastolaren ereduan sinesten dut eta horregatik defendatzen dut. Nafarroako ikastola ia guztiak kooperatibak dira, euskal gizartean hain errotuta dagoen izaera juridikoaren bidez eta honek zerbitzu publikoko erakunde egiten ditu. Funtzionamendu demokratikoekin, nahi den hezkuntza sisteman, botereekiko askatasunarekin, herritik sortu eta herriarentzat dihardute ikastolek. Herritarrek bultzatutako erakundeak dira eta horien kudeaketan familiek parte-hartze zuzena dute.