Elizondoko Zahar Etxearen pribatizazioak prekaritatean murgiltzea ekarriko duela salatu du LAB sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 8a, 11:00
Elizondoko Zahar Etxeko erabiltzaileak, jaialdi batean.

Kudeaketa berriz ere Baztango Udalaren eskuetan gelditzeko bozketan aukera hori baztertu dute

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxea kudeatzen 10 urte daramazkin IDEA enpresarekin kontratua berritu egin dute bertze bortz urtez. Horren inguruan erabakitzeko aukera zuten bederatzi kideetatik zazpik horren aldeko botoa eman zuten eta EH Bilduko udaletxeko ordezkaritza izan zen berriz ere publiko izatearen alde bozkatu zuen bakarra. LAB sindikatuari «arras larria» iruditzen zaio berria: «Elizondoko zahar etxeko patronatuan, zahar etxearen pribatizazioarekin akitzeko, hau da, enpresa pribatu batek zahar etxea gestionatzeari utzi eta berriz Udalaren eskuetan gelditzeko aukera emateko bozketan aukera hori baztertu dute».

Gaur egungo gure gizartean, zahar etxeek betetzen duten zerbitzuak gero eta garrantzi handiagoa duela uste du LABek: «Zerbitzu honek oinarrizko behar bat betetzen du eta honen gestioa esku pribatuetan egotea, hau da, batzuek honen bitartez etekin ekonomikoa bilatzea guztiz onartezina da. Onartezina ez bakarrik horren gibelean dagoen filosofiagatik, baizik eta etekin horiek eskuratzeko aunitzetan bai langileen baldintzak eta bertan ematen den zerbitzua ere kaskartuak izaten direlako».

LAB sindikatuari benetan kezkagarria iruditzen zaio «patronatuko markoak, non ordezkari publikoak baitira, hain modu garbian oinarrizko zerbitzua den hau esku pribatuetan segitzearen alde egin izanak; are gehiago langileak arras gustura daudela bezalako aitzakia guztiz faltsuak erabili direlarik erabaki hori hartzerako orduan».

Idatzi honekin zenbait helburu bete nahi izan ditu LABek: «alde batetik ematen den egoera zein den jakinaraztea, sortzen ahal diren arazoen inguruan abisua eman eta honen gibelean dagoen filosofia modu garbi batean salatu». 

LABen arabera, «gai hau ez da zerbait puntuala eta ziur gaude etorkizunean ere zer erranak emanen dituela. Argi izan dezatela guzti horren aitzinean, ez LAB eta ezta zahar etxeko langileak ere ez garela geldirik egonen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun