'Poltsa Ibiltaria' kanpaina abiatu du Bertan Baztan elkarteak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 6a, 12:00

Angel Arraztoa eta Mikel Sobrino, Bertan Baztan elkarteko kideak, 'Poltsa ibiltaria' kanpainaren aurkezpenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elkarteko poltsa eta norbere poltsa erabiliz erosketak egiten dituzten bezeroak 20 euroko erosketa-bale baten zozketan sartuko dira astero

Bertan Baztan elkarteak Poltsa Ibiltaria ekimenaren aurkezpena egin du ekainaren 6an, ortzegun Arizkunenean. Bertan Baztan  elkarteak sustatu du ekimena, Europar Batasunaren FEADER/LGENF funtsen eta Nafarroako Gobernuaren finantzazioari esker. Proiektu honek 2014-2020 Landa Garapenaren programatik, aipatutako diru iturri horietatik dirulaguntza jaso du, Bertan elkarteko Angel Arraztoak eta Mikel Sobrinok aipatu dutenez.

Bertan elkarteak, baztandar guziekin batera, jasangarritasunaren bidean, plastikozko poltsak ez erabiltzeko modua da Poltsa Ibiltaria. «Bertze behin, gure ingurua errespetuz zaintzeko konpromisoa erakutsiz, ekimen berri honen arrakasta zihurtzat jotzen dugu», azpimarratu dute aurkezpen ekitaldian Bertan elkarteko kideek.

Ekainean, dendetan beraien poltsa edo Poltsa Ibiltaria erabiltzen duten bezeroak, ingurumena zaintzeaz gain, 20 euroko bale baten zozketan parte hartuko dute astero. Mailegu moduan, euro baten truke poltsa ibiltaria emanen zaio bezeroari eta bueltan eramaten duenean euroa itzuliko zaio.

Bertan Baztan elkarteak bere helburuei eutsiz, «elkarte bizia izan nahi du, bizia eman nahi die gure herriei gure ingurua zainduz. Azken aldian egin bezala: bertan bus, botilak biltzeko makina… oraingoan poltsa ibiltaria aurkeztera etorri gara».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun