Berroetako bestak ekainaren 7tik 10era bitarte ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 5a, 06:30
Aizkoan egindako gazteen bazkaria. Aurten ere bertan bilduko dira larunbatean Berroetako gazteak.

Otorduz, musikaz, txapelketez eta ikuskizunez hornitutako lau eguneko bestak izanen dituzte ekainaren 7tik 10era, ortziraletik astelehenera, Berroetan. Larunbatean eta astelehenean, egun osoan, puzgarriak izanen dituzte. 

Ekainaren 7a, ortziralea

20:00etan lehertuko dute bestei hasiera emanen dien txupinazoa eta segidan, 20:30ean, txopoa goratu eta mutildantzak dantzatzeko aukera izanen dute. 21:30ean mahai-inguruan bilduko dira eta, ohi bezala, Baztan-zopak dastatuko dituzte. Zintzurrak busti eta kantu zaharrak kantatuko dituzte. 00:00etan hasita dantzaldia izanen dute, Gabezin taldearen eskutik. Baztandarrek joan-etorria lasai egiteko aukera izanen dute, Gantorri autobus-zerbitzuari esker.

 

Ekainaren 8a, larunbata

14:00etan gazteen bazkaria eginen dute Aizkoan. 17:30ean txokolate beroa eskainiko dute eta ordubeteren buruan, 18:30ean, Tuterako dantzarien saioa izanen dute. 20:00etan paella-txapelketa eginen dute eta 21:00etan afarian bilduko dira. Gauerditik aitzinera Beñatek girotuko du herria.

 

Ekainaren 9a, igandea

10:00etan erraldoi eta gaiteroek mugiaraziko dituzte herritarrak. 11:00etan meza izanen dute, eta ondotik luntxa. Arratsaldean, 18:00etan, Mikel Lasartek motosierra-erakustaldia eskainiko du. Segidan, 19:00etan, Beñaten eskutik, dantzaldia izanen dute eta eguna akitzeko 21:00etan zingar-jatea eginen dute.

 

Ekainaren 10a, astelehena

11:00etan bizikleta-itzulia eginen dute eta eguerdian, 12:00etan, mahai-jokoak izanen dira. Izan ere, mus eta partxis txapelketak jokatuko dituzte. 14:00etan zikiro-jatean bilduko dira. Hauspolariek taldearen erritmora mugitzeko aukera izanen dute. 18:00etan herritarren arteko jokoak izanen dituzte eta 21:30ean zingarra janez eta kantari gozatuko dituzte bestetako azken orduak, 00:00etan Gaixoa Ni kantatuz akituko baitira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun