Erreginak eta saratsak ospatu dituzte Arraiozen maiatzeko azken igandean

Nerea Mortalena 2019ko mai. 29a, 12:00
Aurten, Eider Urrutia eta Ane Iturralde izan dira erreginak, eta saratsa moduan, Naroa eta Olaia Gamio, Izaro Laurnagarai, Aisha Zubieta, Aiora Arraztoa, Uxue Viela, Olatz Bergara, Nahia Lazkano eta Alaitz Urrutia aritu dira.

Maiatzako azken igandean Arraiozen erregina eta saratsak ospatzen da. Besta honek zerikusi haundia dauka hilabete honekin. Protagonistak neskak dira: erreginak, eta hauekin batera, abeslari neska talde bat joaten da; saratsak. Maiatzeko azken igandean ospatu zuten.

Arraiozko historian erreparatzen badugu, erreginak zortzi eta bederatzi urteko neskak ziren eta normalki, Arraiozko bi auzoetatik, neska bat hautatzen zuten, bata goitiko auzokoa Urrutiakoa eta bertzea behekoa, Mardeakoa. Saratsak berriz, hamabi edo hamalau urtekoak ziren. Emakumearen emankortasun besta honetarako, herriko neskak biltzen ziren, meza edo errosarioaren ondotik eta erreginak janzten zituzten. Erreginak zuriz janzten ziren, eta buruan apaingarri moduan, neskak mendian hartutako saratsen adarrekin egindako koroa eta lorez apainduta paratzen ziren. Erreginek poltsa zuri batzuk eramaten zituzten dirua biltzeko eta poltsa hauek gerriko moduko kolorezko zinta zabal baten azpian gordetzen zituzten. Saratsak berriz, normalki, etxean zeukaten arroparik onenarekin janzten ziren eta bertze neskatikoetatik bereizteko, sorbaldaren kolorezko zintak paratzen zituzten.

Gaur egun saratsek baserritar jantzia erabiltzen dute eta horrekin batera blusa edo niki xuria; eta tradizioak dioen bezala zinta urdina ere paratzen dute. Erreginek, berriz, soineko eta blusa xuria, zinta urdina eta lorez egindako koroa paratzen dute buruan.

Aurten, Eider Urrutia eta Ane Iturralde izan dira erreginak, eta saratsa moduan, Naroa eta Olaia Gamio, Izaro Laurnagarai, Aisha Zubieta, Aiora Arraztoa, Uxue Viela, Olatz Bergara, Nahia Lazkano eta Alaitz Urrutia aritu dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun