«Herriko bestak aukera ona dira jendearekin elkartu, solastu eta egoteko»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 26a, 11:00
Nahia Baylon eta Alba Azkarraga Iruritako gazteak.

Nahia Baylon eta Alba Azkarraga, Iruritako gazteak 

Hamasei urteko gazte gehienen antzera maiatza heldu orduko besta usainean hasten dira Nahia eta Alba. Ikasten ari dira baina ikasketak ez dira arazo: «bi gauzak egiteko denbora bada. Probestu beharra dago, bizia bakarra baita!». 

Irribarrea ezpainetan, «arras kontent, gogotsu» hasten dituzte herriko bestak, «lehenengoak izaten dira eta hori nabari da bai herrikoen eta baita kanpotik etortzen direnen artean ere».

Adiskide onekin orduak labur izaten omen dira eta besta giroan zer erranik ez: «egunean zehar izaten diren ekitaldi guzietan parte hartzen dugu edo lagunekin zerbait hartzera joaten gara». Eta gaua iristean ere, ezin erretiratu: «besta pixka bat egiten dugu egunero».

Musika adituta ezin dute geldirik egon: «nahiago dugu ostatuan egon baino dantzan aritu» eta hala ibiltzen dira, «erromeri edo udako abestien erritmoan».

 

Egitarau betea

Denok gustura egoteko moduko egitaraua izaten dela uste dute, «egunero izaten da ekitaldi bereziren bat». Bat aukeratzeko eskatuta, «asteazkenean egiten diren zopak» aipatu dituzte: «arras giro polita izaten da, herritarrek soilik egiten baitugu besta». Ortzegunean indarrak berreskuratu ondotik gogotsu heltzen diote ortziralari: «gazte bazkaria egiten dugu. Gainera, herritarrez gain kanpoko jendea ere etortzen da». Denei luzatu diete bestarako gonbidapena: «herriko bestak aukera ona dira jendearekin elkartu, solastu eta egoteko». Beraz, bi gazte hauen erritmoan edo lasaixeago, baina animatu bestara!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun