CC Baztandarra elkarteak aurten berreskuratu duen txirrindularitza eskolan 30 neska-mutiko ari dira

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 23a, 19:00

Horietatik batzuk bertze talde batzuen izenean konpetitzen ari dira 

CC Baztandarra elkarteak txirrindularitza eskola berreskuratu du aurten. 30 neska-mutiko federatu dituzte eta asteartetan biltzen dira entrenatzera Lekarozen. Horietako batzuk konpetitzen ere ari dira, baina bertze talde batzuen izenean eta emaitza onak eskuratzen ari dira gainera.

Konpetitzen ari diren txirrindulari gaztetxo baztandar batzuk bertze talde batzuen izenean ari dira: Lekarozko Joritz Barberena eta Beñat Barberena CC Villavés taldean; Iruritako Oier Ibañez eta Oihan Aleman Saltoki taldean mendi bizikletan eta Iruritako Ivan Villoria Ermitagaña taldean, errepidean nahiz mendi bizikletan.

Maiatzaren 18an, Tafallan egin zen errepideko lasterketan garaipena lortu zuen Ivan Villoriak eta zazpigarren izan zen Joritz Barberena. Biharamunean, mendi bizikletan, seigarren izan zen Villoria Deikaztelun. Bosgarren izan zen Oihan Aleman eta gisa horretara, Nafarroako Kirol Jokoetako sailkapen orokorrean duen laugarren postua sendotu zuen. Oier Ibañez hamahirugarren da sailkapen orokorrean.

 

 

Ekainaren 2an Iruritan, eskualdeko txirrindulari gaztetxoen topaketa

Maiatzaren 11n Lesakan egin zenaren ondotik, ekainaren 2an Iruritan antolatu dute eskualdeko txirrindulari gaztetxoen topaketa. Hilabeteko lehenbiziko igandean 11:00etan izanen dute hitzordua, eta probaren ondotik, ginkana ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun