Baztango udako jostaldietan izena emateko epea zabalduko dute maiatzaren 27tik 31ra

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 24a, 07:30
3 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako udako jostaldiak izanen dituzte aurten ere Baztanen.

Hiru eta hamabi bitarteko neska-mutikoei zuzendua, abuztuaren 5etik 30era antolatu du Euskara Zerbitzuak

Euskara eta aisialdia uztartuz, aurten ere udako jostaldiak eskuaraz antolatu ditu Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuak abuztuaren 5etik 30era, 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoendako. Apuntatzeko epea  maiatzaren 27tik 31ra irekiko da, www.dindaia.eus webgunean edo 619 16 6138 telefonora deituz (10:00etatik 13:00etara). Epea luzaezina da eta plaza mugatuak.

Jokoak, eskulanak, parekidetasunean hazteko jolasak, tailerrak (birziklatzea, buztin-lanak, antzerkia…), ateraldiak, kirola.. Tarte horietan denetarik egiteko aukera izanen dute neska-mutikoek, eta hori guztia euskaraz. Bide horretatik baitoaz ekimen honen helburuak: udako aisialdiaz gozatzea, euskaraz jolastea, Baztango haurren arteko harremanak euskaraz bultzatzea eta estutzea, Baztango kultura eta natura ezagutzea, haurren garapen pertsonala lantzea eta ingurumenarekiko jarrera positiboak sustatzea. Haur Hezkuntzakoak Lanbide Eskolan eta Lehen Hezkuntzakoak Baztandarren Biltzarreko egoitzan, astelehenetik ortziralera 10:00etatik 13:00etara.

 

Izen-ematea

Baztanen erroldatutakoek astebeteko txanda 35 euro ordaindu beharko dute eta prezio bera familia ugariek; bi asteko txanda 70 euro (60 euro familia ugariek); hiru asteko txanda 105 euro (85 euro familia ugariek) eta lau asteko txanda 140 euro (110 euro familia ugariek). Baztanen erroldaturik ez daudenak asteko 55 euro ordaindu beharko dute. Beti ere, lehentasuna lau aste egiten dutenek eta Baztanen erroldatutakoek izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun