Iruritako Mendi Duatloiaren bigarren edizioa maiatzaren 25ean antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 22a, 15:00
Iruritako mendi duatloiaren irteera iaz.

Bakarka, binaka txandaka edo bizikleta elektrikoan egin daiteke 

Iruritako herriak, Iruritako Mendi Duatloia antolatu du bigarren aldiz maiatzaren 25erako, Iruritako Gazteen eta Baztango Udalaren babesarekin. Lasterketa herrikoia izanen da, maila guztietako kirolariendako pentsatuta dagoena. 10,5 kilometro lasterka (450 metroko desnibelarekin) eta 20 kilometro mendi bizikletan (800 metroko desnibela) egin beharko dituzte kirolariek. Bakarka, binaka txandaka (mutilak, neskak eta mistoa) edo bizikleta elektrikoarekin egiteko aukera ere bada. Azken hauek ibilbide osoa egin beharko dute. www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena.

Iruritako herritik abiatuta, inguruko mendietan barna ibiliko dira korrikalari eta txirrindulariak.

Baztango bailaran eta inguruan mendiak eta kirolak gaur egun duten arrakastak bultzatuta herriko gazte batzuk animatu ziren iaz lehen aldiz kirol jarduera ttiki hau aitzinera ateratzera. Lehen edizioan eguraldiak lagundu ez bazuen ere, bigarrena antolatzera ere animatu dira. Noski, ezinezkoa izanen litzateke hau gainontzeko hainbat eta hainbat herritarren laguntzarik gabe. Herriko enpresa eta komertzioen babesa ere izan dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun