Miguel Angel Sagaseta iturendarra omendu dute Mutildantza Egunean

Migel Angel Sagaseta iturendarrak (makilarekin), Euskal Dantzarien Biltzarraren aitortza jaso zuen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Euskal Herriko eta Biarnoko dantzariak bildu ziren larunbatean Arizkunen eta Euskal Dantzarien Biltzarrak aitortza egin zion Sagasetari

Piriniotan Dantzan – Mutildantza Eguna 2019 ospatu zuten larunbatean Arizkunen. Jo ala Jo Kultur Taldeak antolatu zuen ospakizuna, Nafarroako Dantzarien Biltzarraren eta Euskal Dantzarien Biltzarraren  eta Nafarroako Gobernuaren, Baztango Udalaren eta Arizkungo Herriaren babesarekin.

Ludaideko Bolantak, Beskoitzeko Oinak Arin, Zalgizeko dantzariak, Sent Pèr de Lèrengo dantzariak eta Baztandarrak dantza eskolak parte hartu zuten jaialdian. Bakoitza bere berezitasunekin, baina denek zuten zerbait amankomunean: zirkulua. Hasiera batean Arizkungo plazan egitekoa baldin bazen ere, azkenean pilotalekuan egin behar izan zuten.

Erakustaldiaren ondotik, eguerdian Migel Angel Sagasetari aitortza egin zion Euskal Dantzarien Biltzarrak eta ondotik, Mutildantza herrikoiak eskaini zituzten. Arratsaldean Soka-dantza eta Jauzi herrikoiak dantzatu zituzten.

 

Aitortza Sagasetari

Euskal Dantzarien Biltarrak Migel Angel Sagasetari aitortza eskaini zion, urte luzez, Euskal Herriko herri aunitzetan barrena ibiliz, dantzen inguruko ikerketa sakona egiteagatik. Iturenen 1941ean sortua, piano ikasketak bi urtez egin ondotik, bere gisara ikasi zuen txistua jotzen. Dantzan ere aritu zen, eta bere jarduna ez zuen eten apaiztegian. 1965ean apaiztu zen eta hainbat herritan aritu da lanean, Luzaiden, Leitzan, Etxarrin eta, gaur egun, Urdiainen. Larunbatean, euskal makila eta oroigarri bat jaso zituen opari, eta eskerrak eman ondotik, kontent erran zuen lehen aldia zela berak ikertutako dantza guztiak leku berean dantzatzen ikusten zuela.

 

Pirinio mendebaldeko dantza-sistema zaharra

Pirinio mendebaldeko bi isurialdeetan dantza-sistema zahar bat bizirik mantentzen da. Bere oinarri koreografikoa eta dantzaren estruktura, akabailarik gabeko lerro teoriko batek mugatzen du, eredu gisa zirkulua duena.

Sistema hau osatzen duten dantzak Ddantza jauziak edo Jauziak izenarekin ezagutzen dira Euskal Herriko iparraldean eta Luzaiden, nahiz eta dantza hauetako baten izenak ere, Mutxikoak, balio generikoa hartu duen. Biarnon aldiz Saut izenez dira ezagunak, eta Baztanen Mutil Dantza izena hartzen dute.

Errenazimenduaz geroztik beharbada, Mendebaldeko zibilizazio Piriniarreko komunitateek bizirik mantendu eta aberastu dugu sistema koreografiko zahar hau, Erdi Aro akabailan Frantziako eremu batzuetan soilik indarrean zegoena.

Dantza hauek arras dantzatuak izan dira Xuberoan, Behe Nafarroan, Lapurdin, Luzaiden eta Baztanen, baita Biarnon ere, bai mendialdeanbaita Erriberan ere. Gehienbat bi helbururekin egin dira: bata dibertitzeko, gizonezkoei bideratua, eta bertzea zeremoniala, aginte lokalaren berrespen jarduera gisa, gazte ordezkariena barne. Honekin batera, hain zen maitea arte herrikoi hau, ezen lehiaketak ere bideratzen ziren, batzuetan herri-artekoak eta bertzeetan herri bereko taldeen artekoak.

Errepertorioa arras zabala da, eta orokorrean iraupen luzeko piezak dira, euskal piriniotako bi isurialdeetan eta Biarnon ere luzez bizi izan direnak. Ziurtatu dezakegu lurralde hauetan errepertorio koreografiko-musikal bera dantzatu dela, eta hainbertze eta hain denbora luzez dantzatu denez, dantzakera desberdinak garatu dira, zonaldeka edo herrika dantzatzeko estiloak sortuz. Horrela, sistema koreografikoa aberastu egin da, eta honek gure interesa biziki pizten du. Gaur egun ezagutzen ditugun Jauzi motak iturburu bereko elementuak dira, kontserbazio eta garapen egoera desberdinetan iritsi zaizkigunak. Hau erranta, baieztatzen dugu argiki Mutil Dantzak Baztango Ddantza Jauziak direla.

Dantza hauek atal musiko-koreografiko anitzen arteko lotura dira, simetria eta asimetria jokuan oinarrituak, eta dantzariaren oroimen ahalmena desafiatzen dute; pausu-segida oroitzeko erronka hontan bidelagun, doinu-aire neurrikoak ditu. Ezinbertzekoa da dantza osatzen duten atal musikal luze hoiek ezagutu eta barneratzea.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun