Mutildantza Eguna larunbaterako prest dute Arizkunen

Pirinio mendebaldeko dantza-sistema zaharra erakutsiko du larunbateko Mutildantza Egunak Arizkunen.

Euskal Herriko eta Biarnoko dantzariak bildu eta Migel Angel Sagasetari aitortza eginen dio Euskal Dantzarien Biltzarrak 

Piriniotan Dantzan – Mutildantza Eguna 2019 antolatu du Jo ala Jo Kultur Taldeak maiatzaren 18an Arizkunen. Nafarroako Dantzarien Biltzarra eta Euskal Dantzarien Biltzarra laguntzaile izan ditu antolakuntza hontan. Diruz babestu du proiektua Nafarroako Gobernuak, eta laguntzaile izan dira ere Baztango Udala eta Arizkungo Herria.

Luzaideko Bolantak, Beskoitzeko Oinak Arin, Zalgizeko dantzariak, Sent Pèr de Lèrengo dantzariak eta Baztandarrak dantza eskolak parte hartuko dute jaialdi honetan.

Larunbatean 11:00etan ibilaldia eginen dute Baztango gaitariekin eta kankailuekin. 12:00etan herrialdeetako Jauzien erakustaldia eginen dute. 13:00etan Migel Angel Sagasetari aitortza eginen zaio, Euskal Dantzarien Biltzarraren eskutik eta, ondotik, Mutildantza herrikoiak eskainiko dituzte. 17:00etan Soka-dantza eta Jauzi herrikoiak dantzatuko dituzte.

 

Pirinio mendebaldeko dantza-sistema zahar bat bizirik

Pirinio mendebaldeko bi isurialdeetan dantza-sistema zahar bat bizirik mantentzen da. Bere oinarri koreografikoa eta dantzaren estruktura, akabailarik gabeko lerro teoriko batek mugatzen du, eredu gisa zirkulua duena.

Sistema hau osatzen duten dantzak Ddantza jauziak edo Jauziak izenarekin ezagutzen dira Euskal Herriko iparraldean eta Luzaiden, nahiz eta dantza hauetako baten izenak ere, Mutxikoak, balio generikoa hartu duen. Biarnon aldiz Saut izenez dira ezagunak, eta Baztanen Mutil Dantza izena hartzen dute.

Errenazimenduaz geroztik beharbada, Mendebaldeko zibilizazio Piriniarreko komunitateek bizirik mantendu eta aberastu dugu sistema koreografiko zahar hau, Erdi Aro akabailan Frantziako eremu batzuetan soilik indarrean zegoena.

Dantza hauek arras dantzatuak izan dira Xuberoan, Behe Nafarroan, Lapurdin, Luzaiden eta Baztanen, baita Biarnon ere, bai mendialdeanbaita Erriberan ere. Gehienbat bi helbururekin egin dira: bata dibertitzeko, gizonezkoei bideratua, eta bertzea zeremoniala, aginte lokalaren berrespen jarduera gisa, gazte ordezkariena barne. Honekin batera, hain zen maitea arte herrikoi hau, ezen lehiaketak ere bideratzen ziren, batzuetan herri-artekoak eta bertzeetan herri bereko taldeen artekoak.

Errepertorioa arras zabala da, eta orokorrean iraupen luzeko piezak dira, euskal piriniotako bi isurialdeetan eta Biarnon ere luzez bizi izan direnak. Ziurtatu dezakegu lurralde hauetan errepertorio koreografiko-musikal bera dantzatu dela, eta hainbertze eta hain denbora luzez dantzatu denez, dantzakera desberdinak garatu dira, zonaldeka edo herrika dantzatzeko estiloak sortuz. Horrela, sistema koreografikoa aberastu egin da, eta honek gure interesa biziki pizten du. Gaur egun ezagutzen ditugun Jauzi motak iturburu bereko elementuak dira, kontserbazio eta garapen egoera desberdinetan iritsi zaizkigunak. Hau erranta, baieztatzen dugu argiki Mutil Dantzak Baztango Ddantza Jauziak direla.

Dantza hauek atal musiko-koreografiko anitzen arteko lotura dira, simetria eta asimetria jokuan oinarrituak, eta dantzariaren oroimen ahalmena desafiatzen dute; pausu-segida oroitzeko erronka hontan bidelagun, doinu-aire neurrikoak ditu. Ezinbertzekoa da dantza osatzen duten atal musikal luze hoiek ezagutu eta barneratzea.

Piriniotan Dantzan egunak espazio bat ematen digu, denbora bat, jostatzeko eta parte hartzeko jardunaldi bat, eta baita ikuskizun bat ere. Bainan haratago jo nahi dugu. Funtsezkoa da komunitate piriniarrek landutako dantzakera estiloen ezagutza, ikerketa eta hedapena, eta honekin batera, komunitate hauen eta dantza maite dutenen kontzientzian eragitea, transmisioa gauzatzea.

Herrialde bakoitzak bere dantza erakusteaz gain, zirkulu kontzentrikoan inguraturik bi pieza elkarrekin dantzatzeko plazerra izanen dute, sinkronian, bakoitzak bere pausu moduekin. Senidetasun dantzatu eder bat izanen da, dantzari piriniarren artekoa, ikuslearentzat ere gozagarria.

Dantza berreginak plazaratzeko apustua ere eginen dugu jardunaldi hontan. Tradizioen ikerketa eta analisi konparatuaren emaitza dira, eta aireak herri-oroimenetik desagertu izanik ere transkripzio musikaletan bildu zirenetik edaten du. Baztandarrak Dantza Eskolako ikasleek dantza berregin hauetako batzuk erakutsiko dituzte.

 

Erlazionatuak

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun