Minbizia dutenen aldeko jaialdia prest dute maiatzaren 18rako Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 15a, 10:00
Bertzeak bertze, Hesian taldearen kontzertuaz gozatuko dute bertaratzen direnek.

Iriarte pilotalekuan hainbat kontzertu antolatu ditu Lur aretoak maiatzaren 18an 'Borobileko ertzetik' goiburupean.

«Erpin edo ertzetan kokatzen diren errealitateei hitza eman eta bultzada» emateko asmoz, Borobileko ertzetik jaialdia antolatu du Elizondoko Lur aretoak maiatzaren 18rako.

Minbizia dutenen alde dirua biltzeko jaialdia izanen da. Lurretik adierazi dutenez, «errutinan sartuak gauden honetan, badaude normaltasunetik at dauden gaixoak, gaixo horien familia-kideak, bikoteak, lagunak... Eta aunitzetan atzendu edo ertz bilakatzen ditugu, salbuespen egoerak balira bezala». Minbizia kasuak «areagotzen» ari diren arren, «salbuespen gisa ulertzen» direla diote antolatzaileek, eta horri buelta eman nahi diote jaialdi honekin, «hitza, maitasuna, aitortza, laguntza eta aunitzetan bultzadatxoak behar dituzten kasuak» direlako eta «modu batera edo bertzera, segur aski, denoi tokatuko zaizkigunak».

Sarrerak aitzinetik 20 eurotan eta egunean bertan 25 eurotan paratuko dituzte salgai


Hala, bultzada emateko asmoz, jaialdian bildutako diruaren zati bat minbizia dutenentzat edota haien senideentzat izanen da. Elizondoko Iriarte frontoian egin dute hitzordua eta izen haundiko taldeak gonbidatu dituzte: Kaotiko, Hesian, Ze Esatek!, Enkore, Xutik, Skabidean & the black birds, Bad Sound, Pleura eta Trikidantz. Larunbatean 16:00etan hasiko dira kontzertuak. Sarrerak aitzinetik 20 eurotan erosteko aukera izanen da, Elizondoko Intza eta Mendi ostatuetan, Doneztebeko Titi ostatuan edota Berako Errekalden eta Lesakako Arranon. Internetez www.wegow.com atarian ere eros daitezke sarrerak. Jaialdiaren egunean, berriz, leihatilan 25 eurotan salduko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun