Kanpo Lana hitzarmena sinatu du Elizondoko Lanbide Eskolak elkarbizitza sustatzeko

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 9a, 20:00
Hezkuntza departamento zuzendari nagusiarekin eta Ideako zuzendariarekin batera, ikastetxeko eta Zahar Etxeko ordezkariak izan dira sinadura ekitaldian.

Elizondoko Zahar Etxean eginen dituzten gizartearen aldeko lanek ordezkatuko dute ikasleak ikasgelatik kanporatzeko zigorra

 

Elkarbizitza sustatzeko helburuarekin, Kanpo Lana izeneko hitzarmena sinatu dute maiatzaren 9an Elizondoko Lanbide Eskolan Roberto Perez Elorza, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza zuzendari nagusiak eta Rafael Sanchez-Ostiz Gutierrez, Idea Asistencia enpresako zuzendari nagusiak. Laburbilduz, ikasgelatik kanporatzeko zigorraren ordez, gizartearen aldeko lanak egin beharko dituzte ikasleek. Elizondoko Zahar Etxeko eta ikastetxeko zuzendaritza taldeak ere parte hartu dute sinadura ekitaldian.

Elizondoko Lanbide Eskolak lehendik bere gisara egiten zuen ekimen bati babes ofiziala ematen dio hitzarmenak: Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearekin elkarlana. Maite Ariztegi Etxepeteleku, Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendariak adierazi duenez, «ikasturtean zehar ez dugu ikasleen kanporatze aunitz izaten, baina programa honekin bat egin nahi genuen, elkarbizitza lantzeko egina dugun apustuarekin bat egiten duelako». Zahar Etxea kudeatzen duen Idea enpresako zuzendariak erran duenez, «erresidentzietan egiten dugun lana ezagutzera emateko baliagarria izanen da».

Izan ere, programa honekin, kanporatzeak lan sozialengatik ordezkatzeaz gain, ikasleek bertze errealitate batzuk ezagutzeko aukera izanen dute. Gisa honetara, ikasleak ikasketekin motibatu nahi dituzte eta nork daki, beharbada etorkizuneko lanaren bila bideratu. Ikastetxeak eta Zahar Etxeak erabakiko dute zein diren ikasleendako lanik egokienak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun