Maiatza mugitua dute Berroetan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 7a, 19:00

Larunbatean mendi irteera, pala finala, dokumentala eta afaria izan zuten

Pasa den asteburuan egun kulturala izan zuten Berroetan. Goizean, kirol jarduerak burutu ziren. 9etan Berroeta-Saioa-Berroeta mendi lasterketako itzulia egin zuten, nahi zuenak bidea zein zen ikas zezan. Ondotik, 12etan lehen mailako pala txapelketaren finala jokatu zen herriko frontoian Gabon Gamio aniztarrak 30-27 irabazi zion Mikel Igoa zigatarrari. Bigarren mailako finala gibeleratu egin dute. Asier Maritorena eta Unai Iantzi aniztarrak ariko dira.

Arratsaldean, Hartz eta otsoen artean lotan dokumentala ikusteko aukera izan zuten. Jende andana bildu zen Iñaki Atxaren dokumentalaz gozatzeko. Egunarekin akitzeko, afaria izan zuten elkartean, Santxotena akordeolariak alaiturik. Giro paregabea izan zen egun guztian zehar. 

 

Maiatzaren 19an Mendi Maratoi Erdia

Asteburu kulturala pasatu bada ere, maiatzeko ekitaldiak ez dira akitu. Hemendik bi astetara, maiatzaren 19an, Berroeta-Saioa-Berroeta mendi maratoi erdia izanen da. Ibilbidea oinez zein lasterka egiteko aukera izanen da eta izena ematea irekia dago www.herrikrosa.eus webgunean. Erran beharrik ez dago, inguruko lasterkari guziak gonbidatuta daudela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun