Baztango Udaberriko pilota txapelketaren finalak jokatu dituzte maiatzaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 7a, 13:00
Finaletako protagonistak, txapelketan parte hartu duten bertze pilotari batzurekin, antolatzaileekin eta Zabaleta eta Galartza profesionalekin. Argazkia: Zaldua

Txaruta elkarteak antolatutako 29. edizioko azken partidak igande goizean jokatu dituzte Elizondoko Baztan udal pilotalekuan eta Iruritako Aranabia pilotalekuan

Txaruta elkarteak hogeita bederatzigarren aldiz antolatutako Udaberriko txapelketako finalak maiatzaren 5ean jokatu dituzte Elizondoko Baztan Udal pilotalekuan eta Iruritako pilotalekuan. Otsailaren 16an hasita, 181 bikotek parte hartu dute txapelketan eta Baztango herrietan jokatu dituzte partidak. Finalen ondotik, Jose Javier Zabaleta eta Ladis Galartza pilotari profesionalek banatu zituzten sariak. Txapela eta oroigarriez gain, finaletan aritu ziren pilotari gaztetxoek pilota bana opari izan zuten.

Finaletako emaitzak

Elizondon jokatutako finaletan, Umeak A kategorian, Azpeitiko Eneko Bidezabalek eta Julen Juaristik 18-14 irabazi zieten Lazkaoko Jurgi Landa eta Unax Iturberi.

Kimuak A kategorian, Andoaingo Oihan Lantzetak eta Aimar Segurolak 18-7 irabazi zieten Ordiziko Oier Izagirre eta Iñigo Alberdiri.

Haurrak A kategorian, Arbizuko Hasier Baztarrikak eta Xabier Lakuntzak 18-5 irabazi zieten Burlatako Hodei Urmeneta eta Aritz Salcedori.

Kadete A mailan, Larraungo Oinatz Iriartek eta Arbizuko Ioritz Gorrotxategik 18-7 irabazi zieten Beasaingo Xabier Olano eta Azpeitiko Josu Labakari.

Gazte mailan, azkenik, Lekarozko Oier Ariztegik eta Elizondoko Axier Ballarenak 22-10 irabazi zieten Leitzako Mikel Martinez de Barranco eta Igantziko Patxi Loiarteri.

Bertze lau finalak Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatu zituzten.

Umeak B kategorian, Ataungo Iker Dorronsorok eta Aitzol Aramendik 18-11 irabazi zieten Ultzamako Iker Gastiarena eta Oier Garciari.

Kimuak B kategorian, Elizondoko Kaiet Iribarrenek eta Mikel Sansiñenak 11-18 galdu zuten Gasteizko Aimar Ruiz eta Lazkaoko Enaitz Landaren kontra.

Haurrak B kategorian, Iruritako Arturo Iturraldek eta Aritz Bikondok 18-7 irabazi zieten Lazkaoko Unax Aldasoro eta Jon Erauskini.

Kadete B mailan, azkenik, Oiartzungo Ibai Etxeberriak eta Unax Landak 18-7 irabazi zieten Hernaniko Oier Garaiar eta Xabat Sasiaini.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun