Arraiozko Xuntoneko eta Arizkungo Irigoien-Rekarte elkarteko ahariek irabazi dute Elizondoko Udaberriko Feriako lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 29a, 07:58
Ahari lehiaketan sarituak suertatutako ahariak, nagusiekin eta Baztango udaleko eta Cedernako ordezkariekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elizondoko Urruxkako Joxepi Mihurak lehen gasna moztu zuen apirilaren 26ako Udaberriko Ferian 

Elizondoko Udaberriko Feria egunean, ahari lehiaketaren hogeita batgarren edizioa burutu zen 26an. Hamar artzainek 26 arhari aurkeztu zituzten. Ahari lehiaketaz gain, urteko gasna berriari lehen kortea eman zion Urruskako Joxepi Miura Iribarrenek. Gisa horretara, baserriaren alde egindako lana eskertu nahi izan zion Balleko Etxeak. 

Ahari lehiaketaren hogeitabatgarren edizioari dagokionez, burugorrien artean, lehenbiziko Arraiozko Xuntoneko Sagrario Urrozentzat izan zen (75 euro), bigarrena Manex Urrutiarentzat (50 euro) eta hirugarrena Jon Ander Bengoetxearentzat (30 euro). Urtea bete gabeko ahari gazteetan ere lehen saria Sagrario Urrozek eskuratu zuen, bigarrena Manex Urrutiak eta hirugarrena Joxe Mari Gamiok.

Burubeltzen artean, lehen saria Arizkungo Irigoien-Rekarte elkarteak eraman zuen, bigarrena Iruritako Garnuxarreako Migel Angel Maritorenak eta hirugarrena Pili Migeltorenak. Ahari gazteen artean, Miguel Angel Maritorenak eraman zuen lehen saria eta Soledad Iturbidek bigarrena eta hirugarrena.

Aziendez gain, feria giro polita izan zen ortziralean Elizondon, nahiz eguraldiak ez zuen sobera lagundu. Eskulangileek egindako lanak ikusteko aukera izan zen, baita bertako produktuak, gasna batez ere, dastatzeko ere. Txistularien musika ere lagun izan zuten eta Baztango dantzari ttikiek erakustaldia eskaini zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun