Baztango herriguneak biziberritzeko Hiri Jarduketa Plan Berezia eginen du Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 26a, 18:00
Lekarozko herrigunearen ikuspegia.

180.000 euroko kostua izanen du eta Iruñetik %80 artio finantziatzen ahalko dute 

Apirilaren 25ean egin zen ohiko osoko bilkuran, Baztango Udalak etxeen zaharberritzea bultzatu eta bailarako herriguneak biziberritzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena egitea onartu zuen. Hitzarmen horrekin Baztango herri eta auzo bilduetan Hiri Jarduketa Plan Berezia eginen du udalak, 180.000 euroko kostua izanen du eta Iruñetik %80 artio finantziatzen ahalko dute.

 

 

Hitzarmena egiteko erabakia ahobatez onartu zuten udalbatzako kide guztiek eta azkeneko urteetan etxe zahar handiei aterabidea emateko eginahalari segida ematen dio.

Joseba Otondo alkatearen erranetan orain artio hirigintzako aferak lurren kalifikazio aldaketan zentratu dira, «guk eraikita dagoenari begiratu nahi diogu, hutsik gelditzen ari diren Baztango herrigune eta auzoei, toki horiek biziberritzeko tresna administratiboak garatuz».

 Hitzarmenaren helburu zehatzei buruz, aipagarria da herrigune horietan dauden etxe hutsak bizitegi bezala erabiltzeko eta zaharturik dauden bizitegiak egokitzea bultzatuko duela planak, bereziki etxe horien irisgarritasuna, energia eraginkortasuna eta ingurune-baldintzak hobetzea bultzatuz. Etxeetaz gain herrigune osoen birgaitze sozial eta fisikoa bultzatuko du ingurune horiek bizitzeko eta dotazio-publikoetarako bideratuz. Testuinguru horretan, ondarea babesteko ikuspegitik, eraikinen tipologiaren arabera irizpide berriak finkatuko ditu planak. Helburuen artean, trafikoak sorturiko arazoei konponbidea ematea ere ageri da.

Hitzarmenean heldu denez Baztango hamabortz herrietaz gain, auzo bildu hauek ere planean sartuko dira: Aintzialde, Aintzano, Apaioa, Ariztegi, Bozate, Etxaide, Etxerri, Gorostapolo, Iñarbil, Lamiarrita, Oharriz, Urrasun, Zigaurre, Zozaia eta Zuaztoi.

Alkateak jakinarazi duenez Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzekin hasiko dira plana egin ahal izateko ondoko pausu administratiboak ematen, horrek erran nahi du ondoko legealdian egin beharreko lana izanen dela.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun