Amaiurko gazteluaren bisita-etxea egiteko hitzarmenak onartu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 26a, 13:00
Amaiurko gazteluaren bisita-etxea kooperatiba zaharra zegoen lekuan eginen dute.

Nafarroako Parlamentuak 250.000 euroko diru-laguntza onartua du aurtengo aurrekontuetan

Hamabi urte dira Amaiurko oroitarria zegoen muinoan gaztelu zaharraren hondarrak berreskuratzeko lanean ari direla. Orain, indusketa horietatik ateratakoak erakusteko harrera etxea egin nahi dute Amaiurren Amaiurko Herriak, Gaztelu elkarteak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Baztango Udalak. 

Helburu horreratarako hain zuzen Nafarroako parlamentuak aurtengo aurrekontuetan 250.000 euroko diru-laguntza izenduna emateko erabakia hartu zuen eta atzo egindako osoko bilkuran diru-laguntza hori eskuratu ahal izateko hitzarmenak eta aurrekontu moldaketa onartu zituen Baztango Udalak.

250.000 euro horiekin kooperatiba zaharra urratuko da, argiteriaren postea kenduko eta lanen lehendabiziko faserako ingurua prestatuko. Horretarako, alde batetik Baztango Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmena onartu zen atzo eta; bertze aldetik, Baztango Udalaren eta Amaiurko Gaztelu elkartearen artekoa. Bi hitzarmenen emaitza gisa, dagokion aurrekontu moldaketa ere onartu du Udalak.

Amaiurko Gaztelu elkartearekin egindako hitzarmenean heldu den bezala, Amaiurko gotorlekuan gertatu zen Nafarroako Erresumaren burujabetasuna defendatzeko azken gudua Gaztelako koroaren inbasioaren aurka. Hortaz, bisitarien-etxeak hori guztia erakusteko balioko du.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun