Azken aldian, maiatzean egin ohi den «urteroko bertso-afariaren bueltan, ekitaldiz hornitutako asteburu kulturala» antolatzeko lanean aritu dira. Ekitaldi bakarra asteburu batera zabaltzearen helburua, «herritar guztiek parte hartzeko moduko ekintzak izatea» da: «momentuz mus-txapelketa, pintxo-jatea eta bertso-afaria lotu ditugu» baina haurrendako zerbait antolatzeko ideia ere badarabilte. Izan ere, haien ustez «guztiok elkartzen garenean herri-giro politagoa sortzen da».
Batasun horretan lagungarri izan zaie joan den urtean auzolanean sortu zuten elkartea: «adina kontuan hartu gabe, herritarrak elkartzea eragin du». Giro ederrean biltzeko tokiaren beharra bazegoela uste du gartzaindar gazteak. Orain, biltokia ez da aitzakia, eta «herriak izan zezakeen hutsune bakarra betetzea lortu dugu».
«Herri ttikietako biztanleen hartu-emana izugarri gustatzen zait»
Gartzaindarra da izatez, eta gartzaindarra bihotzez. Hitz ederrak ditu ahoan herriaz solastatzean, «herri ttikietako biztanleen hartu-emana» da gehien gustatzen zaiona, baita kokapenak duen inguru ederra ere. Txokoren bat aukeratzea zail egiten zaion arren, bat bereizi beharko balu «Urballoko tranpako txabola» nabarmenduko luke.
Dena dela, inguru guztian barna ibiltzeko eragozpenik ez du, kotxea hartuta orduak motz izaten baititu. Egun-pasa bat bere esku utziz gero, argi du zer eginen lukeen: «rallyren batean hasi eta ondokoekin otordu eder bat eginez akitzen diren egun horietako bat» aukeratuko luke, horiek «borobilak» baitira beretako. Ariaren ariaz aspertzeko betarik emanen ez dion zaletasunari eutsiz eta «gustuko lana eginez» bizitzea bertzerik ez du amets. Eskatzaile trebeenek bezala gutti eskatuta, zoriontsu izateko behar duena jasoko baitu horrela.