Zigako Joxean Etxeberriak hitzordu bikoitza izanen du asteburuan Urrezko Aizkolariak txapelketan

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 25a, 12:00
Joxean Etxeberriak bi saio izanen ditu asteburuan.

Larunbatean maila nagusiko saioa jokatuko du larunbatean Berrizen eta 23 urtez beheitiko kategiriako finalaurrekoa igandean Gasteizen 

Baten faltan, Urrezko Banakako aizkolari txapelketako bi saio jokatuko ditu asteburuan Zigako Joxean Etxeberria aizkolariak. Larunbatean Berrizen (Bizkaia) ariko da maila nagusian eta igandean Gasteizko Armentiako zelaietan, 23 urtez beheitiko finalaurrekoan.

Apirilaren 27an, larunbatean 12:45ean Berrizko Olakueta plazan sei aizkolari ariko dira, hurrengo kanporaketarako bi txartelen bila. Zigako Joxean Etxeberriarekin batera, Juanjo Lopez Azpilikueta eta Eneko Saralegi nafarrak eta Julen Alberdi Txikia IV.a, Xabier Zaldua eta Jexux Mari Mujika gipuzkoarrak ariko dira. Txapelketa honen finala ekainaren 7an jokatuko da Azpeitian.

Aizkolariekin batera, Urrezko Binakako harrijasotze txapelketan Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre ariko dira eta jaialdia bukatzeko, Emakumeen trontza txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregik, Ainize Perez eta Iraide Gezuragaren kontra.

  

Gazte mailako finalaurrekoa Gasteizen igandean

Apirilaren 28an, igandean 12:30ean Gasteizko Armentia zelaian, San Prudentzio eguneko ospakizunen baitan, Urrezko banakako aizkolari txapelketako 23 urtez beheitiko gazte mailako finalaurrekoa jokatuko dute. Hemen ere, Joxean Etxeberria zigatarra ariko da, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Julen Larrea III.a eta Oier Kañamares IV.arekin batera. Finalerako bi txartel izanen dituzte jokoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun