Udaberriko feria apirilaren 26an eginen dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 24a, 13:11
XXI. Ahari lehiaketa eginen dute eta 13:00etan izanen da sari banaketa.

Ortzirale goiz eta arratsaldez ekitaldiak izanen dira, tartean ahari lehiaketaren 21. edizioa

Aziendak, artisau lanak eta etxeko produktuak etxetik edo baserritik karrikara ateratzeko, apirilean Baztanen egiten den hitzordu nagusia gainean da. Apirilaren 26an, ortziralean, eginen da Udaberriko Feria Elizondon, Baztango Udalak eta Cederna-Garalur erakundeak antolatuta.

10:00etan azienda feria izanen da Merkatu Plazan. Ahari lehiaketaren 21. edizioa ere eginen da. 10:00etatik 13:30era artisautza eta bertako produktuen azoka paratuko da Merkatuko Plazan. 11:00etan txistulariak ariko dira karrikaz karrika. 11:30etik 13:30era haurrendako tailerra izanen da. 12:00etan Baztango dantzari ttikiek saioa eskainikodute, 12:15ean urteko ardi gasnaren mozketa ekitaldia eta 12:30ean bertako produktuen dastaketa. 13:00etan ahari lehiaketaren sari banaketa eginen da Merkatuko Plazan.

XXI. Ahari lehiaketa

Aitzineko urteetan bezala Baztango Ahari Lehiaketa eginen da eta aurtengo XXI. edizioa izanen da. Oinarrietan aipatzen denez, Baztango latxa arrazako buruak parte hartzen ahal dute eta sariak bi ataletan banatuko dira: hiru “mutur gorriendako” eta bertze hiru “mutur beltzendako”. Bi kasuetan, saria berdina izanen da: Lehengo saria, kaiku bat eta 75 euro; bigarren saria, 50 euro eta hirugarren saria, 30 euro. Iaz bezala, urtea bete ez duten antxu aharikoak ere sarituko dituzte, mutur gorrietan nahiz mutur beltzetan.

Parte hartuko duten artzainek 15 euroko dieta jasoko dute garraiorako eta ahari buruak aurkezten dituzten artzainei bazkaltzeko gonbidapena ere luzatuko zaie.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun