Mugairiko frontoian lanak egiteko hitzarmena sinatu dute NKGIk eta Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 24a, 06:56
Baztango Udaleko eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko ordezkariak, hitzarmena sinatzen.

Lanek 17.000 euroko aurrekontua dute eta kanpoko zein barneko paretak garbitu eta margotu, eta zuloak zein pitzadurak berdinduko dira 

 

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak (NKGI) eta Baztango Udalak hitzarmena sinatu dute Mugairiko frontoian berritze lanak egiteko. Kanpoko zein barneko paretak presiopeko urarekin garbituko dira, dauden zuloak eta pitzadurak berdindu eta luzituko dira, frontisa, ezkerreko horma eta errebotea zein txapak eta zenbakiak margotuko dira, eta gauza bera eginen da kanpoko aldearekin. Horretarako, aurrekontua 17.182 eurokoa izanen da.

Hitzarmenaren klausuletan jasotakoaren arabera, jarduera horien helburua da instalazioaren narriadurak zuzentzea, sortutako helbururako (kirola praktikatzea) erabiltzen segitu ahal izateko. Lan horiek instalazioaren egitura orokorrean eraginik ez badute ere, baldintzak hobetuko dituzte.

Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren helburuetariko batzuk dira kirola praktikatzea bultzatzea eta Foru Komunitatearen eremuan, praktika hori gauzatu ahal izateko espazioetan, kirol-jarduerak egitea erraztea. 


Erabilera anitzeko instalazioa 
Estalitako pilotaleku hau, dituen ezaugarriak medio, udalerrian tresna-jolasa egiteko aukera ematen duen gutxienetariko bat da. Instalazio hau du egun Mugairiko herriak kirola praktikatzeko eta, bertan, antolatzen dira kirol-txapelketa ezberdinak, pilota-modalitateak, eskubaloia, saskibaloia eta areto-futbola. 
Jarduera kulturalak, sozialak eta bertze hainbat antolatzeko ere erabiltzen da, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrek instalazio horretan egiten dituzte gorputz-hezkuntzako klaseak. 
Jolaserako eta aisiarako funtzioak ere betetzen ditu, bereziki 3 urtetik beheitikoentzat eta 3 eta 11 urte arteko ikasleentzat, jolaserako eta bizikidetzarako aukera emanaz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun