«Irlandarrek duten errespetua kontutan hartzekoa da»

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 20a, 11:00

Xabier Mendikoa.

Xabier MENDIKOA elizondoar gaztea

Nor da Xabier Mendikoa?
25 urteko elizondoar gazte bat, bidaiatzea gustuko duena eta natura maite duena.

Zein zaletasun dituzu?
Ttikitan, familiarekin, inguruan, baita Pirinioetan ere mendiko zaletasuna sortu zitzaidan. Arroila-jaitsiera egitea arras gustuko dut eta, nola ez, tarteka afari eder bat  lagunekin! (irriz)

Afaria jateko prestatu egin behar...
Sukaldari izateko goi-mailako zikloa egin nuen eta asteburuetan sukaldari lanetan ibili izan naiz. Arras maite dut, bereziki ez dakidan hori prestatzen ikastea. Nire iduriko, pasioz sukaldatzea da ongi egiteko sekretua eta nik zerri-hankekin lortu dut! (irriz)

Urte erdia daramazu Irlandan...
Baztandar batek lana bazela erran zidan. Hasmentan biok sukaldean hasi ginen, orain zerbitzari aritzen naiz eta aldian behin sukaldean. Bai kulturalki baita hizkuntzari dagokionez ere, ohituratzea kostatzen da baina laketu gara. Etxekoak eta hurbilekoak lagungarri izan dira.

Etxera bisitaren bat egin duzu?
Urtarrilean itzuli nintzen, bi astez egon nintzen, familiarekin eta lagunekin otordu eder batzuk eginez.

Zer da Euskal Herritik faltan botatzen duzuna?
Momentu jakin batzuetan etxeko berotasuna eta bertze batzuetan pintxoak (irriz).

Itzulera aurreikusia duzu?
Uda aldera itzuliko naiz, segur aski, sanferminetako ohitura ona segituz...

Irlandatik zer ekarri nahiko zenuke?
Irlandarren jarrera, orokorrean, harritzekoa da. Gehienbat jendearekin duten hartu-emana, errespetua. Arras kontutan hartzekoa da.

Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Arras gomendagarria, egunero zerbait ikasten da, eta jende aunitz ezagutzen da.

Nola animatuko zenituzke gazteak?
Gehien kostatzen dena etxetik mugitzea dela erranez. Behin kanpora ateraz geroztik, erraz egiten da...

Baduzu bertze bidaiaren bat buruan?
Uda hondarrean Noruega iparraldean egiteko espedizio bat dugu esku artean. Bertzalde, proiektu pertsonalen batzuk ere prestatzen ari naiz, Alpeetarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun