Bertan-Bus zerbitzuak Bertan elkarteko negozioak baztandarren eskura jarri nahi ditu

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 16a, 13:00
Bertan-Busa zerbitzua aurkeztu dute Bertan elkarteko Javier Gardek eta Angel Arraztoak. Argazkia Juan Mari Ondikol

Asteartetan Baztangoiza aldera eta asteazkenetan Basaburua eta Erberea aldera joanen da autobusa

 

Bertan-Busaren aurkezpena egin dute apirilaren 16an Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Ekimen hau Baztango Bertan Elkarteak, Nafarroko Gobernuaren laguntzarekin, bultzatu du, «gure negozioak baztandarren eskura jartzeko helburuarekin», Javier Garde lehendakariak eta Angel Arraztoa idazkariak agerraldian adierazi dutenez.

Honekin lortu nahi dute publiko ezberdinari, baina jende helduei bereziki, «herrietara mugikortasuna ahalbidetzea, ibilgailu pribatuen erabilera murriztea eta jasangarritasun konpromisoari eta ingurunearekiko dugun errespetuari fidelak izaten jarraitzea». Gainera, ekonomia zirkularra lagun du nahi dute, bertan erosteari aukera emanez.

Bi ibilbide astero

Zerbitzu honek bi ibilbide eginen ditu astero: asteartetan Baztangoiza aldera joanen da eta asteazkenetan Basaburua eta Erberea aldera. Ibilbidea Elizondon hasi eta akituko da. Ibilbide bakoitzak bi bidai eginen ditu, lehendabizikoa goizean (jendea herrietatik Elizondora hurbiltzeko) eta bertzea eguerditan (Elizondotik herrietara eramateko). Bidai bakoitzaren prezioa euro batekoa izanen da. Autobusa geldituko den tokiak kartel batekin egonen dira seinaleztatuak eta bertan autobusaren ordutegiak ere egonen dira jarriak. Bertan-Bus zerbitzua maiatzaren 7an eta 8an jarriko da martxan. Sei hilabete inguru iraunen duen proba pilotuaren ondotik, zerbitzuaren erabilearen inguruko ikerketa bat eginen da eta hor ikusiko da honekin aitzinera eginen den edo ez.

Bertan elkarteko kideek adierazi dutenez, «denentzat erabilgarria den zerbitzua izanen dela uste dugu eta hortaz jendea zerbitzu hau erabiltzera animatu nahi dugu. Zure esku dago etorkizunean martxan jarraitzea!».

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun