Pasaiako portuan zela hildako Transportes Bidasoako garraiolariaren heriotza salatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur Lezon

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 16a, 07:27

Pasaiako portuan zegoela hil zen garraiolari arraioztarra joan den ortzegunean.

Joan den ortzegunean hil zen erratzuarra, bihotzekoak jota 

 

Joan den ortzegunean Transportes Bidasoan lan egiten zuen Erratzuko garraiolari bat hil egin zen, bihotzekoak jota, Pasaiako portuan lanean zegoenean. 2019. urtean jada 14 langile hil dira lan istripuan. Prekarietatearen ondorioak gizarteratzea ezinbertzekoa dela kontutan hartuta, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea eginen dute gaur, apirilak 16, Lezoko biribilgunean 11:00etan. Mobilizazioa ezinbertzekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideek egoera salatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.

Sindikatuen oharra

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu asteazkenean Pasaiako portuan lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei.
Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da euskal garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez diren hobetu.
Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.
Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun