Transgenikoei buruzko mintzaldiak interes bizia piztu du Baztanen

Jende dezente bildu zen hitzaldian.

Ortzirale ilunbarrean Joserra Olarieta Alberdik, Lleidako unibertsitateko irakasleak, transgenikoei buruzko solasaldi interesgarria eman zuen Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Hazitik Hozie elkarteak antolaturik jende dezente bildu zen eta gogo biziz aditu zituzten azalpenak.

Olarietak ¿Transgénicos. De verdad son necesarios y seguros? liburua argitaratua du eta gaian aditua da. Mintzaldian erran zuenez  transgenikoei genoma artifizialki aldatzen zaie eta hiru mota daude: intsektizidak ekoizten dituztenak, herbizidak jasaten ahal dituztenak eta intsektizidak eta herbizidak jasaten ahal dituztenak.

Transgeniko labore nagusiak artoa, soja, kotoia, koltza eta luzerna dira eta munduko transgenikoen ¾ Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan eta Brasilen ekoizten dira. Modu berean, Europako Batasuneko herrialde gehienetan transgenikoen ekoizpena debekatua degoela erran zuen, nahiz Espainiako estatuan MON810 arto transgenikoa baimendua dagoen. Nafarroan adibidez, 8.300 hektarea daude eta Espainiako estatuan ekoizten den artoaren herena transgenikoa da.

Europa gehienean transgenikoak ekoiztea debekatua egonagatik, animalien pentsutarako eta herritarren elikadurarako inportatzen da. Animalien produktuetan etiketatzea ez da beharrezkoa eta baratzekietan %0,9tik gorakoa bada, bai.

Olarietaren erranetan transgenikoek hiru helburu dituzte: gosearen egiazko arrazoiak ezkutatzea, negozio teknologiko berria sortzea eta hazien merkatua pribatizatzea eta kontrolatzea. Ildo horretan transgenikoek gosearekin akitu ez dutela erran zuen, bertzeren artean, gosearen muina salgaiak produzitzen dituen sistema agroalimentarioa  delako; hau da, sistema ez dago pentsatua jendeendako elikagaiak egiteko, negozioa egiteko baizik. Estatuko egoerari buruz, bertzalde, transgenikoen gibelean lehengai merkeekin pentsu merkea produzitu nahi duten pentsu fabrikatzaileak daudela erran zuen. Izan ere, estatu mailan abere hazkuntza produktibista, industrial eta intentsiboa nagusi baita.  Modu berean transgenikoen ondorio sozialak aipatu zituen eta jendeendako toxikoak izaten ahal direla ere bai. Azkenik, transgenikoei buruz herritarrek erabaki behar dutela erran zuen, ez dela zientzialari eta politikarien eskuetan bakarrik uzten ahal.

Testuinguru horretan, aipagarria da Baztango Udalak transgenikorik gabeko udalerria izateko erabaki politikoa hartu zuela 2018ko maiatzaren 24ko osoko bilkuran.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun