Binakako pala txapelketa ere irabazten saiatuko da Xanti Ibargarai erratzuarra

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 11a, 19:00

Ibargarai, Fusto, Ibai Perez eta Gaubeka, binakako finalerako pilota aukeraketan. Argazkia: Innpala

Fustorekin batera Gaubeka eta Ibai Perezen kontra ariko da larunbatean Mungian

Buruz buruko pala txapelketa irabazi du aurten lehen aldiz Xanti Ibargarai erratzuarrak. Azken orduan izan bada ere, binakakoan ere finalerako sailkatzea lortu du. Pablo Fusto, azken lau urteetan binaka txapeldun izan den argentinarra (bitan Ibargarairekin) izanen du lagun eta Gaubeka eta Ibai Perez arerio. Larunbatean 17:00etan hasiko da finala Mungiako (Bizkaia) pilotalekuan.

Txapelketa berezia izan da aurtengoa, ez baita bikote finkorik izan. Aurrelari guztiak atzelari guztiekin aritu dira bikote eginez, eta lortutako emaitzen arabera jokatu dituzte finalerako txartelak. Pablo Fustok jardunaldi baten faltan lortua zuen finalerako txartela, baina Ibargaraik azken unean eta errebotez lortu zuen txartela. Izan ere, azken partida 3-1 galdu zuen erratzuarrak, baina Urrutiak 3-0 galdu zuen azken partida hori eta horrela lortu zuen finalera sartzea Ibargaraik.

Erratzuarrak aipatu duenez, «txapelketa ona jokatu dut, baina hobekin jokatu behar nuen egunean ez nuen hala egin. Gaueko txandan aritu nintzen aste osoan eta partidan nabaritu nuen». Orain, Fustorekin jokatzearekin, faborito izanen da: «Finalak irabazteko daude. Buruz burukoan kendu nuen arantzatxoa eta ea binakakoarekin urtea borobiltzerik badugun!», dio Erratzuko atzelariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun