Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak Pragako enpresa simulatuen ferian izan dira

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 11a, 15:00

Elizondoko Lanbide Eskolako Administrazioa eta Finantzetako Goi Heziketa zikloa ikasten ari diren eskualdeko 9 ikasle eta bi irakasle Pragan izan ziren martxoaren 18tik 22ra bitarteko astean, bertan antolatutako Enpresa simulatuen ferian parte hartuz. 

Nazioarteko proiektua den enpresa simulatua didaktika metodologia alternatibo honen helburua ikasleak egiazko enpresa mundura hurbiltzea da, benetako feria batean egonen balira bezala lan eginez.

Elizondoko ikasleek azoka honetara bere enpresa simulatuko eskaintza diren likoreak (patxarana, patxaka, menta likorea, erregaliz likorea, te likorea eta sorgin salda) eta txokolatea eraman zuten.

Azokan beren hornitzaile eta bezero diren enpresa simulatuetako ikasleekin egon eta negozioak (saldu, erosi) egiteko aukera izan dute ingeles hizkuntza erabiliz.

Urtero bezala, Malkorra gozotegiaren laguntza jaso zuten eta beraien standera hurbildu zirenei Baztanen famatua den “Urrekin egina” txokolatea dastatzeko aukera eman zieten. 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun