«Musikak nire bizitzari zentzua ematen dio, nire izatearen zati da»

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 6a, 16:00

«Ezinegon aunitz dituen pertsona aldakorra eta ezegonkorra» da Olaia Intziarte. Astegunez «albaitaritza-zentro batean» dabil praktiketan eta tartean «musika-entseguak» izaten ditu. Denbora librea «lagunekin kaferen bat edo garagardo batzuk hartzeko edo zakurrarekin paseotxo bat emateko» baliatzen du. Denboraren joanean bere zaletasunak errotu ditu: «haurtzaroko haur hura ohartu naiz, musika eta animaliak maite ditut». Gazterik murgildu zen musika-munduan: «hasierako lotsa haiek lantzen 16 urte ingururekin hasi nintzen, trikitixa astinduz, eta hortik guttira Lamia taldearekin hasi ginen».

Musikarekiko lotura «etxetik» datorkio: «akordeoia, txistua, biraderadun organoa... eta diska aunitz izan ditugu etxean. Musika aunitz irentsi dut». Irentsi eta erauntsi. Izan ere, entzule izateari utzi gabe, sortzaile ere bada. «Lau akorde ikasi orduko» hasi zen konposatzen. «Modu jostarian» eman zituen hasierako pausoak eta ederki oroitzen ditu: «lehendabiziko kanta ahizparentzat idatzi nuen». Orokorrean «minak» bideratzen du bere sormena: «barne-borroketako bat da, kontent nagoenean konposatzen ikasi nahi nuke baina gorputzak ez dit eskatzen. Dena dela, musika ulertu ahala ideiak aiseago gogoratzen zaizkit eta hortik abiatzen ere hasia naiz».

Kontent nagoenean konposatzen ikasi nahi nuke, baina gorputzak ez dit eskatzen.

Musikan harrapatu du «bizitzaren zentzua». Barne-grinak asetzeko parada dira musikari gaztearentzat Mihise –Lamiatik sortutako proiektua– eta Natali taldeak. Baina taldeez haraindi, bakarrik ere ikusi izan dugu eta martxoaren 8an eskualdeko manifestazioa borobiltzeko bere ahotsaren oihartzunaz gozatu genuen: «urduritasuna kudeatzeko izan nuen zailtasunak alde batera utziz, bihotza betetzen duten momentu horietako bat bizi izan nuen. Pertsona jakin batek zure kanta baten letrak ezagutzea izugarria da, ahalduntze sentsazioa ematen du». Indar eta esperantza horiek lagun eta «Iker Laurobak animatuta» aurten Gaztea maketa-lehiaketan parte hartzeko urratsa eman du. Areago, bigarren fasera pasatu da eta hori ez zuen «inondik inora» espero: «jendearen babesarekin hagitz kontent nago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun