Baztango Udalak ere klimaren eta energiaren aldeko konpromisoa hartu du

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 4a, 18:34
Baztango Udalak herritarrak gonbidatu ditu erronka honetan elkarlanean aritu eta haren helburuak lortzen parte hartzera.

2030 urterako CO2 isuriak guttienez %40 murriztu beharko ditu

Baztango Udalak martxoaren 28an egindako osoko bilkuran erabaki du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Hitzarmena izenpetzea. Europako ekimena da eta horren bidez tokiko gobernuek ere ardura hartzen dute berotegi-efektuko gasen isurien murrizketan eta denek ikuspegi bera hartzen dute aldaketa klimatikoa eta pobrezia energetikoa arintzeko eta haietara egokitzeko.

Hartutako konpromisoa honetan datza: lehenik, CO2-ko (eta, ahal dela, berotegi-efektuko gasen beste isuri batzuetako) isuriak guttienez % 40 murriztea, hemendik 2030 urtera bitartean, bereziki efizientzia energetikoa hobetuz eta energia berriztagarriak gehiago erabiliz. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, klima-aldaketaren ondorioei egokituz.

Lan planean sartuta dago erreferentziako isurien inbentarioa eta klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen eta kalteberatasunaren ebaluazioa egitea. Halaber, Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza plana prestatzea, Udalak erabakia hartu eta bi urteko epean. Azkenik, egoera-txosten bat aurkeztea, bi urtean behin guttienez, klimarako eta energia jasangarrirako ekintza plana aurkeztu ondoren, hura ebaluatu, jarraitu eta kontrolatzeko.

Metodologia hau garatzeko, Baztango Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen du, Life Nadapta proiektuaren esparruan: metodologia eta babes teknikoa, udaletako arduradunen lantalde batean parte hartu eta Lursarea-Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak eta NELS Sareak emandako laguntza,klima eta energiarako ekimenetan jardunbide egokiak, ezagutza eta baliabideak partekatzeko.

Baztango Udalak herritarrak gonbidatu ditu erronka honetan elkarlanean aritu eta haren helburuak lortzen parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun