Zortzi eskola-taldetako 144 ikaslek 'Aniztasuna, aberastasun iturria' izeneko II. Eskola Lehiaketako sariak jaso dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 3a, 17:00
Lehiaketan saritutako ikasleak, tartean Lekarozko institutukoak.

Hegoalde, Noaingo San Migel, Santa Katalina Labouré, Los Sauces-Sahats, Iñaki Ochoa de Olza, Gurutze Plaza, Ega eta Lekaroz BHIko taldeek sari banaketan parte hartu dute

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiaren bidez, Aniztasuna, aberastasun iturria izeneko II. Eskola Lehiaketara aurkeztutako zortzi eskola-talde irabazlei sariak eman dizkie. Tartean, akzesit batekin sarituak suertatu diren Lekaroz BHi ikastetxeko ikasleak.

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilari Ana Ollok, eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Álvaro Baraibarrek parte hartu duten ekitaldira, 200 bat pertsona joan dira: talde irabazleen ikasleak, irakasleak, senideak eta gonbidatuak.

Kontseilariak, Nafarroa osoko ikastetxeek aurten ere, dibertsitatearen inguruan egindako lan handia goratu eta azpimarratu du: «Mimoz eta ilusioz egindako lana, irakasleek idatzi dituzten mezu askok transmititu duten bezala».

Ollok gaineratu duenez, «aurkeztutako lanak oso ezberdinak izan dira, originalak eta lehiaketarekin planteatutako helburuei egokituak. Talde batzuek, gainera, ez zarete bakarrik lehiaketaren oinarriek proposatzen zuten zereginetara mugatu, baizik eta gai horrekin zerikusia zuten bideoak ere egin eta bidali dituzue, eta hauek, gizarte anitz baten alde egiten duzuen belaunaldi berrien inplikazioaren islada dira».

Amaitzeko, iaz egin bezala kontseilariak adierazi duenez: «aurkeztutako lan guztiak Nafarroako ikastetxe  eta liburutegi guztietara iritsiko den liburu batean bilduko dira, izan ere, epaimahaiak zortzi lan aukeratu behar izan baditu ere, guztiek ekarpen baliotsua egiten dute».

Talde saridunak honako hauek izan dira: 

Lehen Hezkuntza euskaraz:

1.go saria: Iruñeko Hegoalde Ikastolako 4.B 

Akzesita: Noaingo San Miguel HLHIPko  5.D 

Lehen Hezkuntza gaztelaniaz:

1.go saria: Iruñeko Santa Catalina Labouré Ikastetxeko 6. maila

Akzesita: Barañaingo Los Sauces-Sahats Ikastetxe Publikoko 5.A

Bigarren Hezkuntza euskaraz:

1.go saria: Ansoaingo Iñaki Ochoa de Olza DBHI 2.E

Accesita: Iruñeko Plaza de la Cruz BHI, DBHko 3. maila-A eredua

Bigarren Hezkuntza gaztelaniaz:

1.go saria: San Adriango EGA BHI, 3. maila C

Akzesita: Lekaroz BHI,1.mailako D gela eta 2. mailako E gela

Ikasle saridun guztiek, ikastetxe bakoitzeko irakasle arduradunekin eta zuzendaritza-taldeetako kideekin batera, bere lanak aurkeztera igo dira eszenatokira. Kai Etxaniz eta María Antúnezek saio musikalak eskaini dituzte bertan, eta Harkaitz Arbizuk, berriz, jokoak, malabarak eta dibertsioa.

 

1.468 ikasle

40 ikastetxetako 1.468 ikaslek hartu dute parte Aniztasuna, aberastasun iturria II lehiaketan izan diren 81 taldeetan. Lehiaketara aurkeztu diren lanen artean 22 Lehen Hezkuntzako ikasleek aurkeztu dituzte, eta 27 Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketakoek. Hizkuntzei dagokionean, 27 lan euskaraz aurkeztu dira eta 54 gaztelaniaz. 

Aurten ere Aniztasuna, aberastasun iturri izan da Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritza orokorrak ikastetxeei proposaturiko gaia. Egitasmoa aniztasunren inguruan hausnartu eta ezberdinarekiko errespetuz haiekiko begirada baikorra eta integratzailea duen gizartea sortzeko asmoz bultzatu da. Gizarte anitz baten hiritar zein herritar izateak eskaintzen dituen aukerak balioan jartzea izan da ekimenaren helburua. 

Lehiaketak ikasleek taldeetan irakasleen laguntzarekin proiektu bat garatzera animatu ditu. Zentzu horretan, lehiaketaren helburua ikasleen taldeko elkarlana bultzatu, eta gainontzekoen iritziak, ideiak errespetatzea izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun