‘Ez da VIP gune bat, behar bat da’ kanpaina abiatu da Baztanen ere

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 3a, 06:30

Joseba Otondo Baztango alkateak eta Nafarroako Cocemfe elkarteko presidente den Manuel Arellanok aurkeztu dute kanpaina.

Ezintasunaren bat duten pertsonei zuzendutako aparkalekuetan ibilgailurik ez uztea da Cocemfe federazioak bultzatutako kanpainaren helburua

Nafarroako bertze zenbait hiritan bezala, Baztango Udalak ere bat egin du ezintasun fisikoa eta organikoak dituzten pertsonen elkarteak biltzen dituen Cocemfe federazioak bultzatutako ‘Ez da VIP gune bat, behar bat baizik’ kanpainarekin. Ezintasuna duten pertsonei gordetako aparkalekuen erabilera egokiari buruz sentsibilizatzeko kanpaina da.

Joseba Otondo Baztango alkateak eta Nafarroako Cocemfe elkarteko presidente den Manuel Arellanok aurkeztu dute kanpaina. Ezinduei bideratutako hiru aparkalekutan, ohiko seinalizazioaren ondoan, metro bateko diametroa duten komiki biñetaren itxurako biniloak jarriko dituzte. Bertan, ez dela VIP eremua, errespetatu behar den bat baizik ageri da.

Gainera, hemendik aitzinera, horrelako lekuetan aparkatzen duten ibilgailuei txartel handi batzuk jarriko zaizkie, horrelakoak behar dituzten pertsonen testigantzekin eta horiek gaizki erabiltzeak sortzen dizkien eragozpenak azalduz.

Izan ere, Cocemfe federazioak aparkaleku hauen erabilera okerra gero eta handiagoa dela sumatu du eta kanpaina honek helburu bikoitza du: “Alde batetik, ez dela pribilegio bat, ezta VIP eremu bat ikustarazi nahi dugun, gizarte zati handi baten premia bat baizik. 5 minutuz bada ere, gaizki erabiltzen badugu, pertsona hauen egunerokotasuna aunitz oztopatzen dugu”, adierazi du Manuel Arellano, Cocemfeko presidenteak. Bertze aldetik, ezintasuna duen senideren baten txartela erabiliz plaza hauek erabiltzen dituztenak ere pentsatzen jarri nahi dituzte, jarrera horrek kalte zuzena eragiten baitie etxera, terapiara, erosketetara edo lanera joan behar duten pertsonei.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun