Baztango Batzar Orokorrean ongietorrien eta agurren txanda izan da

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 2a, 13:00

Baztango Batzar Orokorreko taldeko argazkia. Herrietako alkate, juntero eta mendi komisionatu batzuendako lehenbizikoa izan zen eta udal hautetsi batzuendako azkena. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Erregerenako epaiaren inguruko eztabaida sortu zen apirilaren 1eko bileran, udal hauteskundeen aitzinetik eginen den azkenekoan

 

Apirilaren 1ean ospatu zen Baztango Batzar Orokorraren urteko bigarren bilera. Herrietako zazpi alkate berrirendako eta kuarteletako juntero eta mendi komisionatu berriendako lehenbizikoa izan zen. Hurrengo bilera uztailean izanen denez, zenbait udal ordezkarirendako azkena ere izan zen, maiatzaren 26an eginen baitira udal hauteskundeak eta, guti edo aunitz, hautetsontziek erabakiko dute, udal korporazioa aldatu eginen da. Beraz, ongietorrien eta agurren batzarra izan zen.

Baztango hamabortz herrietako alkateetatik zazpi berriak dira eta lehen aldiz parte hartu zuten Batzar Orokorrean: Arizkunen Francisco Lakar; Azpilkuetan Luis Azkarraga; Elbeten Xabier Urreaga; Zigan Idoia Arrieta; Amaiurren Joxe Urrutia, Iruritan Oihane Prim eta Erratzun, Joxe Itoiz. Elizondon Alazne Sansiñena Lertxundik segitzen du alkate (bigarren agintaldia), Anizen Ainhoa Maritorena Azkaratek (bigarren agintaldia; Almandozen Luis Roldanek (16 urte karguan); Gartzainen Fernando Arraztoak (hirugarren agintaldia); Lekarozen Mattari Plazak (bigarren agintaldia); Oronozen Ruth Peñak (bigarren agintaldia); Arraiozen Joxelu Retegik (bigarren agintaldia); Berroetan, Carlos Garaikoetxeak (bigarren agintaldia).

Miguel Etxandi Irigoien da Baztangoizako junteroa; Elizondoko junteroa Mikel Sobrino Urrutia da eta mendi komisionatuak Luis Javier Laurnagarai Mihura eta Iban Larratxea Irigoien. Erbereko juntero Peio Obregozo Istilart da eta Basaburuko juntero Rafael Arretxea Maritorena da eta mendi komisionatua Pedro Maria Gamio Gaztelu. Baztangoizan eta Erberean ez da inor aurkeztu mendi komisionatua izateko.

 

Erregerenako epaia

Ohiko gaien ondotik, galdera eta eskarien txandan, Erregerenari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaiaz zergatik ez zen solastatu galdetu zuen Begoña Sanzberro, UPNko zinegotziak. UPNren ustez, «agintaldi osoan Balleko Etxearen kontra emandako epairik garrantzitsuena da, Erregerena inguruko 576,27 Hektarea Eugiko kontzejuari eta Esteribarri traspasatzera behartzen baitu, hau da berriak 576 Hektarea taldeko ditu eta epai hori gorde egin dio Joseba Otondo alkateak bai udal batzarrari, baita Batzar Orokorrari ere». UPNk dioenez, epaia martxoaren 28ko udal batzarra baino lehen ailegatu baldin bazen ere, alkateak ez zion horren berririk eman batzarrari. UPNren susmoa da «interes politiko eta partidistagatik egin zuela hori, hauteskundeei begira».

Joseba Otondo alkateak eta Batzar Orokorreko presidenteak erantzun zuenez, «Baztango UPNk bazuen Erregerenako epaiaren berri, martxoaren 22an egin zen Ogasun batzordean afera aztertu baitzen, epaiketaren faktura pasatu zutenean. UPNko zinegotzi batek epaiaren kopia bat eskatu eta eman zitzaion». Hortaz, «UPNren barrenean komunikaziorik ez izatea ez da EHBilduren ardura», aipatu zuen Otondok. EHBilduk ohar bidez zioenez,«kontu arrunta da epaiketen berri informazio batzordeetan ematea eta ez udal batzarrean, preziski horretarako baitaude informazio batzordeak. Hortaz, informazioa gorde dugula erratea, gezurra bertzerik ez da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun