Eskualdeko lanbide hezkuntza zentroa egiteko lurren kalifikazio aldaketa onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 29a, 12:44
Oronoz-Mugairiko bidezainen gibeleko aldeko lurren kalifikazio aldaketa onartu du Balleko Etxeak. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Oronoz-Mugairiko bidezainen gibeleko aldeko 27.000 metro koadro dira

 

Baztan-Bidasoko lanbide eskola berria egin ahal izateko Oronoz-Mugairiko bidezainen gibeleko aldeko lurren kalifikazio aldaketari behin behineko onespena eman dio Baztango Udalak. Martxoaren 28an egindako osoko bilkuran 27.000 metro koadro hartzen duten UE-3, UE-5 eta AR-1 lursailak zerbitzu publikoetarako zuzkidura-lurzoru gisa, hau da, dotaziotarako kalifikatzea onartu zuen, orain artio kontsolidatu gabeko  hiri-lurrak eta lurzoru urbanizagarriak baitziren. Orain, Nafarroako Gobernuari dagokio behin-betiko onespena ematea, horrela, 2018ko martxoan hasitako espedientea akituz.

Ortzeguneko batzarrean onartutako txostenean aipatzen denez eskola berriak eraikitako bolumenaren erdia behekoa solairua gehi bi izanen du eta gainerakoan behekoa gehi bat. Lehenengo kasuan teilatuaren hegalera gehienez 10 metroko altuera izanen du eta bigarrenean 7. Bertzalde teilatuak maldan izanen ditu, bertako ohiko ereduari jarraikiz.

Gainerakoan 27.000 metro koadroko lurzatian garraio publikoz aldatzeko tokia egitea aurrikusten da, hau da, interkanbiatzailea. 

Aipatu lurren jabea Nafarroako Gobernua da, nahiz usufruktua artzapezpikuarena izan. Hortaz, eskualdeko lanbide heziketa eskola berriaren proiektuarekin aitzinerat egiteko, lurren kalifikazio aldaketa onartuta artzapezpikuari lur horien usufruktu eskubidea desjabetu beharko dio gobernuak.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun