Asgar Farhadik Lekarozen eginen duen tailerrean aktore izateko casting-ak eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 30a, 10:00
Asgar Farhadik bi Oscar sari irabaziak ditu.

Lehenbizikoa apirilaren 3an izanen da Arizkunenea Kultur Etxean

Asgar Farhandi zinema zuzendari eta gidoilari irandarrak maiatzaren 30etik ekainaren 8ra Lekarozen eginen duen zinema tailerreko filma laburretan parte hartzeko aktoreen bila bi casting deitu ditu Estudios Melitonek. Lehenbizikoa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eginen dute apirilaren 3an, asteazkenean 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Meliton estudiotik jakinarazi dutenez, eskualdeko aktoreak bilatzen dituzte, landa kulturarekin (abeltzainak, nekazariak, sukaldariak, dantzariak, herri kirolariak, eskulangileak…) zerikusia duten profilak dituztenak.

 

Apirilaren 4an Iruñean

Casting-aren bigarren zatia apirilaren 4an, ortzegunean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era eginen dute Iruñeko Tres Reyes hoteleko Roncesvalles aretoan. Kasu honetan, Nafarroako aktoreak edo aktore izan nahi dutenak bilatzen dituzte.

Meliton estudioetatik ohartarazi dutenez, ez da diru ordainik izanen filma labur hauetan parte hartzeagatik, filma hauen helburua formakuntza baita. Hain zuzen, Asghar Farhadik eskainiko duen tailerrerako 40 lekuak bete dira eta Espainia, Italia, Portugal, Grezia, Lituania, Iran, Zeelanda Berria, Estatu Batuak, Kanada, Peru, Argentina, Elkuador, Kuba eta Errepublika Dominikarreko profesionalak espero dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun