Elena Zabaleta Andresena oronoztarrak Nafarroako Ikastolen Elkartearen lehendakaritza bere gain hartu du

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 29a, 09:33
Elena Zabaleta NIEko lehendakari berria, orain arte lehendakari izan den Mikel Asiainen ondoan.

«Esperientzia, berrikuntza eta balio sozial positiboek Nafarroako Ikastolen Elkartearen hurrengo urtetako lana sustatuko dute», adierazi du kargua hartzean

Martxoaren 25ean, Nafarroako Ikastolen Elkartean (NIE) ospatutako azken Asanbladan, karguak berritu ziren eta aho batez erakundearen lehendakari Elena Zabaleta Andresena oronoztarra izendatu zuten, karguan Mikel Asiain ordezkatuz. Halaber, Aitor Uriarte Arana lehendakariorde izendatu zuten, Susana Garralda Perez ordezkatuz.

Elena Zabaleta (Oronoz, 1978) NIEko hamahirugarren lehendakaria izanen da eta erakundearen sorreratik Julio Altadillek, Ramón Mintegik, Patxi Arzek, Jesús Bueno Asínek, Txomin Izkok, Gorka Nicuesak, Fermin Altzugarai lesakarrak, Aingeru Epaltzak, Xabier Azanzak, Izaskun Arratibelek eta Pello Irujok, Mikel Asiainek bete zuten kargua bere gain hartu du.

Elena Zabaletak Enpresa Zientzietan diplomatua eta Enpresaren administrazioa eta kudeaketan lizentziaturaren ikasketak ditu. Baztan Ikastolako lehendakari izan da (2013-2015) eta azken urte honetan Nafarroa Oinez ospatu zuten. Gaur egun, Baztan Ikastolako Guraso Elkarteko harreman instituzionaletarako arduraduna eta Baztan Udal Patronatuko kide, baita NIEKo Nafarroa Oinezeko batzordeko kide ere.

Izendapenaren ondorengo bere lehen hitzetan, bere asmoa lan eta berrikuntza ildoari jarraipena ematea da, aurreko lehendakariek egin zuten moduan: «Ikastoletatik ahalegin berezia egiten jarraituko dugu, batetik, irakasleen etengabeko formazioan, eta, bertzetik, familien inplikazioan eta parte-hartzean ere, guztien artean helburu nagusitzat ikasleen konpetentzia pertsonal eta sozialen garapena dituzten hezkuntza zentroak lortzeko; hala nola, egiten ikastea konpetentzia; hizkuntza konpetentziak, euskara ardatz zentrala izanik, eleaniztasuna sustatuz... Europako arauek planteatzen dutenarekin bat eginez». Modu berean, adimen emozionalaren garapen sistematikoaren alde ikastolek egindako apustua azpimarratu zuen, «gure seme-alabek pertsona zintzoak izaten, eta, aldi berean, bizi diren gizartearen elementu aktiboak izaten ikas dezaten». 

Kooperatibista guztien –gaurkoak zein aurrekoak– ezinbertzeko esku-hartzea nabarmendu zuen, hezkuntzarekin eta kulturarekin lotutako mugimendu honek indartsu segi dezan. Euskararen erabilera eremu akademikotik haratago eramateko lana funtsezkoa kontsideratu zuen, teknologia berrien erabilera trebetasunak atzendu gabe.

«Ezinbertzekoa da talde lana bultzatzen jarraitzea eta auzolana balioan jartzea, mugimendu honen nortasun-ezaugarri bezala. Elkarlan horri esker ikastolen jaiotza eta garapena posiblea izan da, herritik sortutako eta herriarentzat lan egiten duten eskolak. Ikastolen izaera aitzindaria eta berritzailea, hezkuntza berritzeko eta, une horretara arte sarbiderik izan ez zuen eremuan, euskara irakaskuntzan komunikazio hizkuntza izatea lortzeko etengabeko saiakera indartzea, hain zuzen ere», adierazi zuen.

Kargua uzten duen lehendakariak, Mikel Asiainek, bere aldetik, ikastolen mugimenduan izandako ibilbidea gogoratu zuen, azpimarratuz «ikastolen mugimenduak gure seme-alaben hezkuntzaren alde lan egiteko aukera eskaintzen digu. Ikastolak, kooperatibak diren aldetik, ikastetxeen kudeaketarekin zerikusia duen guztiaren zuzeneko eta eguneroko zereginetan parte hartzeko aukera ematen digu, bai alderdi ekonomiko-administratiboetan, bai eta lerro pedagogikoekin lotura zuzena dutenetan ere. Gure esku dago erabakiak hartzeko gaitasuna, eta horrek argi eta garbi bereizten gaitu ikastetxe publikoetatik eta sare itunduaren ikastetxeetatik ere». Bukatzeko, bere hitzetan, «niretzako plazera eta ohorea izan da mugimendu honen ordezkari izatea, hasiera batean 15 ikastoletatik batean, eta, azkenik, guztiak biltzen dituen Elkarte honetan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun