«Pertsona bakar batek zure kantaren letra ezagutzea izugarria da»

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 6a, 09:00
Olaia Intziartek Gaztea maketa-lehiaketan parte hartu du.

OLAIA INTZIARTE Oronoz-Mugairiko gaztea

«Ezinegon aunitz dituen pertsona aldakorra eta ezegonkorra» da Olaia Intziarte. Azken aldian «astegunez albaitaritza-zentro batean» dabil praktiketan eta tartean «musika-entseguak» izaten ditu.

Entsegu eta entsegu arteko denbora librea «lagunekin kaferen bat edo garagardo batzuk hartzeko edo zakurrarekin paseotxo bat emateko» baliatzen du. Denboraren joanean bere zaletasunak errotu ditu oronoztarrak: «haurtzaroko haur hura ohartu naiz, musika eta animaliak maite ditut».

Etxean musika-tresnak eta diska aunitz izan ditugu. Musika aunitz iretsi dut

Gazterik murgildu zen musika-munduan: «hasierako lotsa haiek lantzen 16 urte ingururekin hasi nintzen, trikitixa astinduz, eta hortik guttira Lamia taldearekin hasi ginen». Musikarekiko lotura «etxetik» datorkio: «akordeoia, txistua, biraderadun organoa... eta diska aunitz izan ditugu etxean. Musika aunitz irentsi dut». Irentsi eta erauntsi. Izan ere, entzule izateari utzi gabe, sortzaile ere bada Intziarte. «14 urte nituela, amatxik gitarra bat oparitu zidanean» hasi zen ikasten: «hasieran liburu batzuekin eta aitzinerago Elizondoko musika-eskolan».

Ondotik, «lau akorde ikasi orduko» hasi zen konposatzen «emozionatuta ekin nion» dio irriz. «Modu jostarian» eman zituen hasierako pausoak eta ederki oroitzen ditu: «lehendabiziko kanta ahizparentzat idatzi nuen». Orokorrean «minak» bideratzen du bere sormena: «barne-borroketako bat da, kontent nagoenean konposatzen ikasi nahi nuke baina gorputzak ez dit eskatzen. Dena dela, musika ulertu ahala, ideiak aiseago gogoratzen zaizkit eta hortik abiatzen ere hasia naiz, aldarte jakin batean egoteko beharrik gabe».

Kontent nagoenean ere konposatzen ikasi nahi nuke baina gorputzak ez dit eskatzen

Musikan harrapatu du «bizitzaren zentzua» eta «nire izatea ez dut bertze modu batera ulertzen ahal». Barne-grinak asetzeko parada dira musikari gaztearentzat Mihise –Lamiatik sortutako proiektua– eta Natali taldeak. Taldeez haraindi, bakarrik ere ikusi izan dugu. Bertzeak bertze, martxoaren 8an eskualdeko manifestazioa borobiltzeko bere ahotsaren oihartzunaz gozatu ahal izan genuen genuen: «urduritasuna kudeatzeko izan nuen zailtasunak alde batera utziz, bihotza betetzen duten momentu horietako bat bizi izan nuen. Pertsona bakar batek zure kanta baten letrak ezagutzea izugarria da, ahalduntze sentsazioa ematen du, esperantza handia».

Indar eta esperantza horiek lagun, eta bereziki, «Iker Laurobak animatuta» aurten Gaztea maketa-lehiaketan parte hartzeko urratsa eman du: «Bere etxean lehiaketara aurkezteko hiru kanta grabatuko zizkidala erran zidan». Esker oneko hitzak baino ez ditu berarendako «eta ez horregatik bakarrik». Maketa-lehiaketako bigarren fasera pasatu da eta hori ez zuen «inondik inora» espero: «nire gitarra eta pianoarekin halako taldeen aitzinean… ez, ez. Egia da estiloek ez dutela deus ikustekorik, konpara ezinak direla, baina… tira. Jende aski ona dago parte hartzen eta inguruko hainbertzek botoa emateko tartea hartu izanarekin pozik nago».

Noizbait bakarkako diska bat grabatzea gustatuko litzaidake, momentuz kanta solteak baino ez baititut grabatu

Babesik ez zaio falta izan eta hori ere nabarmendu nahi izan du: «jendeak aunitz gustatu zaiola errateko idatzi dit eta hori eskertzekoa da». Lehiaketan aitzinera egin zein ez, etorkizuneko nahiak bizi-bizi ditu: «momentuz kanta solteak grabatu ditut... eta bakarkako diska bat grabatzea aunitz gustatuko litzaidake». Ikusiak ikusi, ez dirudi urrutiko ametsa izanen denik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun