Txirrindularitza eskola abiatu nahi du CC Baztandarrak apiriletik ekainera

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko mar. 27a, 07:13
Ttikienak bizikletarekin zaletzeko eta Bizikleta trebatzeko asmoa dute.

Asteartero bilduko lirateke 6 eta 14 urte bitarteko txirrindulariak Lekarozen eta lehenbiziko bilera martxoaren 29an eginen dute Arizkunenean 

Joan den urtean, txirrindularitza eskolak berreskuratzeko asmoz, Baztandarra, Erreka, Sunbilla, Beti Gazte eta Gure Txokoa txirrindulari elkarteetako lagun talde bat bildu zen. Egungo egoeraz hausnartu ondotik, Baztan-Bidasoko herriarteko txirrindulari gazteen topaketa batzuk antolatzea erabaki zuten. Uda partean Elizondoko Txokoton eta Berako Illekuetan egin zituzten topaketa arrakastatsuak.

Aurten ere bide beretik segitzeko asmoa dute, Malerrekan, Sunbillan eta Lesakan. CC Baztandarra txirrindulari elkarteak ere, 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako txirrindularitza eskola ere landu nahi du. Apiriletik ekainera Lekarozko ikastetxean elkartuko dira, asteartetan, teknika ikasteko eta mendi bizikletarekin konfidantza hartzeko helburuarekin.

Egitasmo honen berri emateko eta entrenatzaileak zein izanen diren ezagutzeko, gurasoak bilera batera deitu dituzte martxoaren 29an, ortziralean 19:00etan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Interesatuak CC Baztandarrarekin harremanean jar daitezke (ccbaztandarra@gmail.com helbide elektronikora idatziz).

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun