Elizondo Lanbide Eskolak akabera eman dio Lanbide familien laneko arriskuen prebentziorako I. Topaketari

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 26a, 08:50

Akitzea, Lanbide Eskolako sarreran 'Sufritzea baino hobe, prebenitzea' proiektuaren izenburua den leloaren ormairudiarekin egin da 

 

Elizondo Lanbide Eskola I.I.P ikastetxean Lanbide Heziketako Erdi Mailako eta Goi Mailako Teknikari titulua lortzeko zikloak irakasten dituzte. Horien artean, Enpresen Administrazio eta Finantzetakoa eta Ostalaritza eta Turismoko Goi Mailak, eta bertzetik, Kudeaketa Administratiboko, Mekanizazioko eta Erizaintza laguntzaile Erdi Mailak irakasten dituzte.

Ziklo hauetan, Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea modulua irakasten dute. Modulu hauen barnean, Lan arriskuen Prebentziorako Oinarrizko titulazioak eskatzen dituen edukiak lantzen dira. Lantzeaz gain, 30 orduko oinarrizko titulazioa eskuratzen dute ikasleek. Ikasleak, Lanbide Heziketa Zikloen titulua lortzeaz gain, Laneko Arriskuen Prebentziorako Oinarrizko Teknikari titulua eskuratzen dute.

Honekin batera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Kimua Programa abiarazi du 2017-2020ko LHko Plan Estrategikoaren barnean, eta hortaz, Lanbide Heziketa Zikloetan aldaketa metodologikoetan murgilduta daude, metodologi aktiboak martxan jarriz beraien egunerokoa proiektuak ikasleekin garatuz. Metodologi honen ardatza da, ikasketa ezberdinen edukiak garatzea, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza Kolaboratiboa (POIK-ACBP) erabiliaz, honen bidez lortzen baita ikaslea bere ikasketa-prozesuaren arduradun eta ardatz bihurtzea, hau da, bere ikasketen protagonista. Metodologi honen bidez, ebaluazio prozesuan aldaketa nabarmenak ageri dira. Ikasleen lorpenak baloratzen baitira egunerokoan. Landu beharreko edukiak modu dinamiko, malgu, praktiko eta aktibo baten bidez irakasteaz gain, ikaslearen garapen integrala lortzea da ikasleen gaitasun orokorrak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak lortuz. Hauetan garatutako lorpenak izanen dira ikasleek jasoko duten ebaluaketako nota. Lorpen hauek garatzen joanen dira Zikloak irauten duen bitartean, titulua lortzen dutenek, hauen garapen maila ziurtatuz.

 

Lanbide Familien Laneko Arriskuen Prebentziorako I Topaketak

Horren harira, Elizondoko Lanbide Eskola mailan, Lantokietako Prestakuntza eta Orientabideak moduluan ematen duten zikloetako irakasle taldeak proiektu bat garatzen ibili da joan den azaroaren 19tik. Proiektu honetan, ziklo hauetan irakasten diren bertze modulu batzuren parte hartzea ere izan da.

Proiektu honek Lanbide Familia ezberdinen lehenengo topaketen bidez, ziurtagiri hau emateko landu behar diren edukiak eta ikasleen partehartze aktiboa uztartu nahi izan ditu. Horrela, eta Lanbide Familiak eskolan bertan izateak ematen duen aukera aprobetxatuz, Laneko arrisku faktoreak aztertzeko ematen duen aukerarengatik, Elizondo Lanbide Eskolako Lanbide Familien Laneko Arriskuen Prebentziorako I Topaketak antolatu dira eskolan.

Proiektuaren garapena aurrera eramaten egon dira, eskolan irakasten diren Zikloetako Lantokiko Prestakuntza eta Orientabidea moduluko irakasleak diren Adrian Garmendia, Miren Ariztegi, Izaskun Teileria eta Gorka Urroz eta Kizkitza Isasi, Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea moduluko irakaslea eta proiektuaren lan taldearen koordinatzailea delarik. Bertzetik bertze modulu batzuetako irakasleak diren Aitor Aznar, Olatz Muñoz, Gurutze Salaberri eta Maite Bikuñak ere hartu dute parte proiekturen faseren batean.

Proiektuaren lehenengo Topaketa azaroaren 23an izan zen eta martxoaren 25ean akitu da

Proiektuaren garapena, atal ezberdinetan burutzeko prestatua izan da. Proiektuaren lehenengo topaketa, joan zen azaroaren 23, izan zen eta martxoaren 25ean akitu da.

Antolatutako topaketa hauetako lehenengo jarduerak, ikasleen gaiarekiko sensibilizazioa bilatzen zuten. Hau lortzeko azaroaren 23an, eskolan antolatutako hitzaldi batekin hasi ziren topaketak. Hitzaldi honetan, inguruko enpresetan istripua izandako bi lagunen testigantza bildu ziren, alde batetik, Denis Lizasoain eta bertzetik Ugutz Zelaietarena. Hitzaldi honetara gonbidatuak zeuden Andoni Larralde (ELA), Gorka Bueno (LAB) eta Lourdes Cuesta (STEILAS). Honi erantsi, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutoko den Gixane Grau Teknikariaren azalpenak ere bertan aditu zirela.

Sensibilizazioaren bigarren topaketari ekin zioten Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea ikasten duten Ikasleek eta bertan, eskolako zikloetako ikasleek taldeka aurreko egunetan landutako lelo eta muralen lehiaketaren emaitzak jaso zituzten. 16 lelo eta muralek hartu zuten parte, Laneko Arriskuen Prebentzioa gaia zuen lehiaketan eta Goi Mailako Administrazio eta Finantzetako Ikasleek komunikazio eta bezeroaren arreta moduluan osatutako epaimahai eta irizpideekin lehiaketaren ebazpenaren berri eman zuten. Lehiaketan jokoan zegoen proiektuaren izenburua. Horrela, I Topaketetako lelo irabazlea ‘Sufritzea baino hobe, prebenitzea’ izan zen irabazle. Leloaren talde irabazlea Erdi Mailako Erizaintzako Laguntzaile Zikloko taldea izan zen eta mural gustokoena berriz, Erdi Mailako Administrazio Kudeaketako bigarren mailako ikasleak.

Egun horretan bertan, ikasle guztien bateratzea aprobetxatuz, gosari autogestionatua burutu zen ikasleen parte hartze aktibo berriz ere sustatuz.

Sensibilizazio atalari bukaera emateko, aurreko egunetan eskolako Larrialdi Planaren barnean sartzen den eskola Hutsarazteko planaren berri eman zitzaien ikasleei modulu honetan eta gosariaren ondoren, ikasleak beraien geletera itzuliak zirenean, alarmak jo eta eskola hustutzeko simulakroa egin zen.

Hurrengo egunetan, Lanbide Familien Laneko Arriskuen Prebentziorako I Topaketek jarraipena izan zuten. Ikasleek taldeka laneko arrisku faktoreak ebaluatzen, neurtzen, eta planifikatzen ikasi zuten. Honekin batera, lanbideetan agertzen diren laneko arriskuen aniztasuna ezagutzeko lanbide zikloetan burututako lanetan bildutako informazioa elkar trukatu zuten ikasleak. Proiektuaren barne sartzen dira ere, erabilitako eta sortutako materialen bilduma egiteko SITES leku baten eratzea, bideo baten grabaketa eta edizioa eta baita zertifikazioak eskatzen duen Lehen Sorospenetako Ikastaroa. Lan guzti hauek, ikasleek landu dituzte.

Hasieran erran bezala, ikasitako Zikloko titulazioaz gain, Laneko Arriskuen Prebentzioarako Oinarrizko Teknikari Titulua lortzen dute Elizondoko Lanbide Eskolan ikasten duten ikasleek. Titulazio hau eskolako zuzendaritzak emana izanen da.

Horretarako, proiektu guzti honetan, eskolako zuzendaria den Maite Ariztegik egindako enkarguari erantzunez ikasleek proiektuan zehar landutako hainbat produktu eta ezagutza aurkezteari ekin zioten joan zen Otsailaren 18an eskolako gimnazioan burutu zen Proiektuaren bukaerako aurkezpenean.

Martxoaren 25ean, Malmö enpresako J. Angel Perotxena diseinatzailearen lankidetzarekin, lehiaketan irabazle suertatuko leloa eta ikasleek landutako mural guztiekin, ormairudi bat margotuko zuten eskolako sarreran proiektuari bukaera emateko.

Proiektuak segida izanen du hurrengo hilabetetan, eskola mailan lantzen ari diren bertze zortzi proiekturekin batera, Kimua programaren barnean antolatutako lehiaketara aurkeztu baita.

«Eskolarendako, izugarri aberasgarria izan dira Topaketak. Eskolan bertan dauden lanbide familia ezberdinetan ematen diren arriskuen elkar trukaketa baliatu nahi izan da lantokietan agertu daitezken arrisku faktore guztiez ikasleak jabetzeko. Ikasle hauen etorkizun hurbileko lanpostuetan arrisku hauei aurre egiteko baliabideak eta lan ohiturak txertatzeko asmoa dago egindako guztian. Aldi berean, izugarri aberasgarria izaten ari da, eskola mailan proiektuan parte hartzen ari diren irakasleen arteko lankidetza eta txapela kentzekoa ikasleen ikasteko gogoa ere. Guzti hau, eskolako zuzendaritzaren sustapena eta orain arte gonbidatuak izan diren kanpoko agente guztien interesa eta elkarlanari eskerari gara aurrera eramaten», adierazi du Kizkitza Isasi Mindegiak, LAPO moduluko irakasle guztien izenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun