«Lagunekin denbora pasatzea, kirola egitea eta esperientziak bizitzea» maite duen 29 urteko erratzuar gaztea da Manu Irigoien. Astegunez lan egiteaz gain, «beti» harrapatzen du gustuko duena egiteko tarteren bat: «bizikletan ibili edo palan aritzen naiz». Asteburuak, berriz, «ingurukoekin egoteko, mendira joateko, lekuak ezagutzeko edo lasai egoteko» baliatzen ditu. Gustuko du kirola, eta «ahal dudan eta eguraldiak laguntzen duen guztietan» egiten du zerbait. Gehienetan «frontoiari lotutakoetan, palan edo paxakan» eta noizean behin «adrenalina eragiten dutenak probatuz, parapentean edo paraxutean» ibiltzen da.
Mendian goiti edo bizikleta gainean ere ikusi izan dugu: «duela gutti hasi nintzen, baina gero eta gusturago ibiltzen naiz». Lehiaketak edo jende aunitz biltzen diren ibilaldiak baino, nahiago ditu bere kabuz egiten dituenak: «nahiko lehiakorra naizela aitortu behar dut...» dio irriz. Dena dela, joan den urtean Iruritako Mendi Duatloian parte hartu zuen «eta aurten ere asmo bera dut». Kirolak «arras ongi» sentiarazten du Irigoien: «izerdia botata hobe sentitzen naiz». Horretarako urruti joan beharrik ez du izaten. Izan ere, «ingurukoek nire zaletasuna partekatzen dute» eta «kirola egiteko non hobe Baztanen baino? Inguruan mendi eta pista ederrak daude...».
Kirola egiteko non hobe Baztanen baino? Inguruan mendi eta pista ederrak daude
Kirola ez ezik, kirolaren aitzakiapean egiten dena ere gustatzen zaio: «lekuak ezagutzeko aukera» edota buelta ederraren ondotik, ederki merezitako afariak aipatu ditu. Horiek ere bertatik bertara egin ditzake: «Erratzuko taloak inguruko goxoenak dira. Eta afalondoan, segida nahi izanez gero, Zubipuntara joan eta beti dago norbait tragoxka baten bueltan solasaldi bat egiteko. Herritarren artean sortzen den giro hori ederra da». Ez du gehiegi eskatzen, duenarekin esker oneko da eta «inguruko jendea zoriontsu ikustearekin eta maite ditudan pertsonen bueltan denbora pasatzearekin» aski du. Indarra eta bizitzeko gogoa antzematen da bere hitzetan eta bi osagaiok lagunduko dute buruan duen ametsa betetzen, hau da, «munduari buelta ematen». Segi orain artean bezala bizkarreko motxila bizipen ederrez betetzen!