Berroetako III. Mendi Maratoi Erdia maiatzaren 19an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 9a, 06:30
Berroetatik Saioara eta buelta eginen dute Mendi Maratoiaren hirugarren edizioan.

Oinezko mendi martxa egiteko aukera ere izanen dute lehen aldiz 

 

Berroetako III. Mendi Maratoi Erdia eginen dute maiatzaren 19an. Berroetatik abiatu (370 metro) eta Elorregin barna, Saioa (1.419 metro) eta Okolin (1.355 metro) igo ondotik, Gartzaga (1.291 metro), Larraldeko erreka eta Uzketen beheiti Berroetako plazan izanen du helmuga, 21,6 kilometro luze eta 1.274 metroko desnibel positiboa duen ibilbidearen ondotik. 

Mendi maratoi Erdiko kirolariek 09:00etan abiatuko dira (08:00etan hasiko dira dortsalak banatzen) eta bi ordu lehenago, 07:00etan abiatuko dira lehen aldiz eginen den oinezko martxan parte hartuko dutenak.

Bortz anoa-gune izanen dira (3 likido/solido eta 2 likido). Lasterketa akitzerakoan luntx bat izanen da parte-hartzaile guztientzat. Lasterkariek eta oinezko mendi martxako parte-hartzaileek bakarrik izanen dute luntxean eta sarien zozketan parte hartzeko eskubidea.

Sariei dagokienez, mutil eta neskentzat berdinak izanen dira: 120 euro eta txapela irabazlearentzat, 80 euro bigarrenarentzat eta 50 euro hirugarrenarentzat. 

Gehienez 300 korrikalarik parte hartu dezakete. Inskripzioa internet bidez soilik eginen da maiatzaren 15a bitarte, berroetasaioa.wordpress.com herrikrosa.eus webguneetan. Korrikalariek 22 euro ordaindu beharko dute eta oinezko ibilbidea eginen dutenek 10 euro. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun