Esnetako behien ekoizpen ekologikoari buruzko saioa egin dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 20a, 08:30
Jairo Garcia eta Miguel Sanz, Asturias eta Kantabriako baserritarrak, bere esperientziaz aritu ziren.

Alderdi teknikoa ezagutzeaz gain, Asturias eta Kantabriako esperientziaren berri izan zuten martxoaren 18an Arizkunenean

 

Mendiko nekazaritzari  aterabidea emateko nahiarekin martxoaren 18an esnetako behien ekoizpen ekologikoaz aritzeko lan-saioa egin zuten Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Lan-saioan, alde batetik INTIAko Josepe Saez eta Jone Lizartza solastatu ziren, ekoizpen ekologikoaren alderdi teknikoak aztertuz eta horiek eredu konbentzionalarekin alderatuz.

Bereziki Baztango behitegietaz aritu ziren, behitegi hauen neurri eta baldintzetaz eta ekologikorat pasatuz gero ematen diren hobekuntza ekonomikoetaz. Bertze aldetik Jairo Garcia eta Miguel Sanz, Asturias eta Kantabriako baserritarrak bere esperientziaz aritu ziren. Behitegi konbentzionalak izatetik ekologikorako bidea nola egin zuten aipatuz eta ekologikoan arituta horrek ekarri dien hobekuntza, baina ikasi beharra ere bai. Aldi berean esne ekologiko gero eta gehiago eskatzen ari direla jakinarazi zuten eta Asturias aldeko esne zentralak esne ekologikoan interes bizia dutela.

Saioa, nolanahi ere,  Joseba Otondok Baztango alkateak ireki zuen, udalaren eskariz egindako lan-saioa izan baitzen. Alkatearen erranetan mendialdean nekazaritzak irauteko lurrarekin lotutako produkzio ereduak bulkatu behar dira.

Gaur egun  esnetako behiak dituzten 28 etxalde daude Baztanen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun