Eskoletako jangela ereduaz aritu dira Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 10a, 10:00
Intiako Garbiñe Elizaintzeinek eta Menjadors ecológico elkarteko Nani Morék eskaini zuten eskoletako jangela ereduei buruzko solasaldi interesgarria.

Baztango Udalak antolaturik eta ‘Zer jan halako Baztan‘ ekimenaren barnean martxoaren 7an, ortzegun atsaldean eskoletako jangela ereduari buruzko mintzaldia egin zen Elizondon. 

Garbiñe Elizaintzin INTIAko zirkuitu laburretako teknikaria eta Nani Moré menjadors ecologics elkarteko kide eta sukaldariak hartu zuten solasaldiaren ardura nagusia. Beraiekin Sara Hernandez ere egon zen, Iruñeko Buztintxuri auzoko haur eskolako sukaldaria. Baztango Udalak antolaturik eta ‘Zer jan halako Baztan’ ekimenaren barnean martxoaren 7an, ortzegun atsaldean eskoletako jangela ereduari buruzko mintzaldia egin zen Elizondon. Garbiñe Elizaintzin INTIAko zirkuitu laburretako teknikaria eta Nani Moré menjadors ecologics elkarteko kide eta sukaldariak hartu zuten solasaldiaren ardura nagusia. Beraiekin Sara Hernandez ere egon zen, Iruñeko Buztintxuri auzoko haur eskolako sukaldaria. Aurkezpen lanak Joseba Otondo Baztango alkateak egin zituen.

Garbiñe Elizaintzin elikadura iraunkorrari buruz mintzatu zen, elikadurak tokiko garapenarekin, ingurumenarekin, osasaunarekin eta hezkuntzarekin duen harremana aztertuz. Alde horretatik sasoikoa, bertakoa, ekologikoa eta kalitatezkoa den elikagaien alde egin zuen.

Bertzalde, Nani Morék gaur egun haurren %23k gehiegizko pisua duela erran zuen; neurri handian gure dieta amerikanizatu delako. Horregatik jendeen osasuna zaintzeko eta klimaren aldaketa jokatzeko orain kontsumitzen den animali proteina kopurua guttitu beharra aipatu zuen. Munduari begira berriz, epe erdira jende guztiendako jatekoak segurtatzeko arazoak izanen direla aipatu zuen, oraingo elikadura bederatzi elikagaietan bertzerik ez delako oinarritzen: patata, artoa, soja, palma olioa… Eta, hori, nekazaritza eta elikadura industrial-produktibistak ekarritako arazoa dela. Modu berean, dieta anitz batek biodibertsitate handiagoa dakarrela erran zuen eta etorkizunean denendako jatekoak segurtatzekotan, biodibertsitatea handitu behar dela. Hortaz, aldaketarik ez egitea aukera ez dela erran zuen, eta testuinguru horretan, eskoletako jangelen gaia kokatu zuen. Eskoletako oraingo menuak aztertu zituen, prezioak ere bai, gurasoen kezkak… eta horiek guztiak kontuan harturik modu mailakatuan eta aliantzak eraikiz gauzak aldatu daitezkeela. Horretarako baserritar, nutrizionista, sukaldari eta hezitzaileen arteko elkarlana aipatu zituen.

Akitzeko, Sara Hernandezek Iruñeko Buztintxuriko esperientziaren berri eman zuen. Jangela konbentzionaletik hurbileko eta ekologikorat egin duten bidea, eta horrek ekarri dituen aldaketak menuetan, errezetetan, gurasoetan, hezitzaileetan….

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun