Urte batzuk dira Haziaren
Eguna egiten dela Baztanen, azkeneko aldietan gainera, herriz herri aldizkatuz; horrela, aurtengoa Gartzainen eginen dute, martxoaren 9an hain zuzen. Egitarauari buruz, larunbat goizeko 10:30ean herriko frontoian hazien trukea eginen dute eta, horretarako mahaiak paratuko dituzte. Ondotik, 12:00etan Jakoba Errekondoren mintzaldia izanen da, Ezkaldo elkartean. Aurtengo hitzordua Ezkaldo elkarteak, Gartzaingo herriak eta Hazitik Hoziek antolatu dute.
Aitzineko urteetan Zigan, Lekarozen eta Erratzun egin izan dute Haziaren eguna. Oronozen eta Elizondon ere bai. Helburua hazien garrantziari buruzko kezka piztea da, haziei buruzko ezagutza ez galtzea eta belaunaldi batetik bertzera pasatzea. Azkeneko aldietan bezala, aurtengoa hitzordua Baztango agroekologia eskola herritarraren egitarauaren barnean gauzatuko da.
Transgenikoei buruz apirilaren 12an
Agroekologia eskola herritarrari dagokionez, bertzalde, aipagarria da apirilaren 12an transgenikoei buruzko solasaldia antolatu duela Hazitik Hoziek. Horretarako Joserra Olarieta Lleidako unibertsitateko irakaslea eta Transgénicos, ¿de verdad son seguros y necesarios? liburuaren egilea gonbidatuko dute. Mintzaldia Arizkunenea kultur etxean izanen da, 19:30ean.