«Eskoletara itzuliko nintzateke, horrek bizipoza eman dit»

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 9a, 10:00

Pazita Iturriria lekaroztarra.

PAZITA ITURRIRIA GOÑI lekaroztarra

Noiz eta non sortua zara?
Lekarozko Ortiborroan sortu nintzen 1940an. 14 haurride ginen, ni hamargarrena. Orain etxean bi gelditu gara, ni eta 90 urteko anaia.

Nolakoa haurtzaroa izan duzu?
Etxe handia genuen, baina baliabide guti. Nekazari etxea zen, aita maizter etorri zen. Pentsa, etxea ordaindu bitartean 14 haur hezten... 

Laguntzarik izan zuten?
Beharrik izeba bat hemen gelditu zen. Jostuna zen eta hark janzten gintuen...

Eskolatik atera eta etxeko lanak egitera...
Eskola bertan genuen eta handik atera orduko azienda-lanetara joan behar izaten ginen: behiak, ardiak, belagiak...

Dena dela, ikasketak atera zenituen...
Haur Hezkuntza ikasi nuen. Oronozen egon nintzen eta  oposizioak gaindituta Almandozera joan nintzen. 3 urtez egon nintzen hor, urtean 16.200 pezeta irabaziz. Egunez eskolan eta ondotik herriko 4 mutili gau-eskolak ematen nizkien. Soldadu joan zirenerako eskutitzak idazten ikasi zuten.

Ondotik Iruñera jo zenuen ezta?
Bai ezkondu eta Iruñara joan nintzen. Seme eta alaba bat izan nituen eta sei urteren buruan alargundu nintzen...

Herrira itzuli eta irakaskuntzara berriz...
Seme-alabak hartu eta herrira etorri nintzen. Berriz irakasle hasi nintzen Gartzainen. Hasmentan 6 eta 12 urte bitarteko 45 ikasle nituen. Eskola akitura dantzak irakasten nizkien, sanmartinetarako. 

Baliabide urriak gainera...
Estufa zahar bat baino ez genuen. Ez berogailu, ez telefono ez ordenagailu... Komunera joateko ere kanpora atera behar izaten zuten...  

Bitartean euskara lantzen ere aritu zinen...
Bai, etxeko euskara eta hika bakarrik nekien eta beharra ikusi nuen, eta nire kabuz aritu nintzen...

Zenbat urtez izan zara irakasle?
28 urtez, 64rekin erretiratu nintzen. Gehienbat 6-7 urtekoekin irakurtzen eta idazten ikasten.

Orain egunerokoan zer egiten duzu?
Anaia zaintzen dut eta astelehenetan ordu eta erdiz Elizondoko psikiatrikora joaten naiz boluntario. Euskara irakasten diot talde bati...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun