Aurten ere ez da lehiaketarik eginen Baztandarren Biltzarrako kartelerako

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 5a, 07:55
Baztandarren Biltzarra iragartzeko kartel lehiaketarik ez da eginen aurten ere.

Baztango artistek egindako porfolioak apirilaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dituzte 

Baztandarren Biltzarra hurbiltzen ari dela eta, aurtengo besta iragarriko duen irudiaren inguruan solasteko elkartu dira, eta elkarteak aurten ere lehiaketarik ez dela izanen erabaki du. Bertze alorretan bezala, bertakotasuna bultzatu nahian, irudia Baztango artista grafiko baten eskuetan uztea erabaki dute. Gisa honetan, kartelaren kalitatea ziurtatzeaz gain, irudiak bestaren esentzia eta izaera garbi erakustea bilatzen dute, eta bidenabar, lehiakortasuna ekiditea. 

Baztango artista grafikoak parte hartzera animatu nahi ditu Baztandarren Biltzarra elkarteak. Horretarako, jada egin dituzten lanen portafolioak apirilaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dituzte elkarteak beraien berri izateko. Jasotako portafolioen artean aurtengo besta iragarriko duen artista hautatu eta berehala jakinaraziko diote. Gainontzeko portafolioak, berriz, datozen urteetarako hautagai gisa gordeko dituzte, asmoa urtero artista ezberdin baten lana aukeratzea baita.

Lanak formato digitalean bidali behar dira grafismoa@baztandarrenbiltzarra.eus helbidera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun