Euskalkide saioak egin dituzte Elizondoko adinekoen egoitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 1a, 19:00

Solaslagunaren baitan sortutako proiektuak harremanean jarri ditu aurten ere mintzapraktika taldeetako kideak eta adineko euskaldunak

Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Solaslagunaren baitan sortutako proiektua da Euskalkide. Hain zuzen, mintzapraktika taldeetako partaideak adineko euskaldunekin biltzen dira saio hauetan, hainbat helbururekin. Aurten, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzan egin dituzte saio hauek eta denetara hamar bat lagun elkartu ziren.

Bertzeak bertze, hitzordu hauen bidez, solaslagunek bertako mintzamolde jatorrak aditzeko eta adinekoen jakintza jasotzeko aukera dute. Aldi berean, partaideen euskarazko harreman-sarea hedatzea, adinekoekiko harremana estutzea eta hizkuntza-portaeretan eragitea lortu nahi dira.

Solaslagunatik adierazi dutenez, aitzineko urteetan bezalaxe, «hitzordu hauek arrunt aberasgarriak izan dira partaide guzientzat, hainbat gaien inguruan solastatzeko parada izan baikenuen. Hala nola, adinekoak garai bateko baserriko lanez eta haurtzaroko kontuez mintzatu ziren gurekin, baina baita bertsolaritzaz edota egunerokotasuneko kontuez ere. Irri franko egin genuen Pernando Amezketarraren pasadizoak aditzen!».

Hori gutti balitz, aldo oro berendu goxo bateko harrera egiten zieten adineko egoitzan eta azken egunean, Baztanen egindako zenberena goxoa probatzeko aukera ere izan zuten. Horregatik, Solaslagunatik eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu zuten guztiei, «bereziki Francisco Joaquin Iriarte egoitzako kide eta langileei, hain ongi hartu gintuzuelako. Laster arte!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun