Energia Ona kanpaina aurkeztu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko ots. 27a, 12:00
Energia Ona kanpainaren aurkezpena egin zuten otsailaren 26an Arizkunenean.

Argindar berriztagarria eskaintzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatibetan izena emanen duten ehun bazkide berri erdietsi nahi dituzte udarako

Energia Ona kanpaina aurkeztu berri dute. Helburu nagusi bezala, argindar berriztagarria eskaintzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatibetan izena emanen duten ehun bazkide berri erdietsi nahi dituzte udarako.

Otsailaren 26an Arizkunenean egindako aurkezpenean aipatu zutenez, «gure eguneroko jardueretarako erabiltzen dugun energia, batik bat, kanpoko iturrietatik ailegatzen da. Motor bidezko garraioan petrolioaren deribatuak (gasolina eta gasolioa) erabiltzen dira. Etxeetan, berriz, kontsumitzen dugun energia, gehienbat, elektrizitatetik (argiztapena, aparatuen funtzionamendua) edo petrolioaren deribatuetatik lortzen dugu, gasetik, errate baterako (berokuntza eta urberoa). Elektrizitatea, ordea, energia primarioetatik dator (ikatza, petrolioa, nuklearra edo berriztagarriak)».

Gaur egun, Nafarroan, energia-iturri primarioak petroliotik eratorritakoak dira. Era horretan, egunerokoan erabiltzen dugun elektrizitatea petrolioaren edo gasaren eratorrietatik heldu da nagusiki. «Denok dakigunez, –aipatu zuten– petrolioaren errekuntza edo konbustioa da negutegi efektua sortzen duen gas isurketen sortzaile nagusia, Lurraren beroketa eraginez. Bertzalde, petrolio erreserbak mugatuak dira, eta akitzear daudenez, etorkizun beltza aurreikus genezake petroliotik eratorritako energiarendako, eta, beraz, bertatik lortzen den elektrizitatearendako».

Kanpainaren antolatzaileek aipatu zutenez, «elektrizitatea merkaturatzea, gehienbat, konpainia handien esku dago. Konpainia horiek, herritarrei energia-zerbitzua eskeintzeaz harago, beraien etekinak lehenesten dituzte, Espainian Europako elektrizitate tarifa altuenetakoak paratuz».

Duela urte batzuk, elektrizitatea merkaturatzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatiba batzuk sortu ziren. Hauek, elektrizitate berriztagarria merkaturatzen dute eta bazkideei erabakiak hartzeko aukera ematen diete. «Gure inguruan bi nabarmen genitzake: Energia Gara eta Goiener. Kooperatiba horietako partaide izanik,  klima aldaketaren kontrako borrokan parte hartuko dugu, etorkizunean energia agortzeko arriskua gutituko dugu, gure energiaren hornikuntzan burujabeagoak izanen gara eta tarifen igoera saihestuko dugu», aipatu zuten.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, proposatutakobi kooperatiba horietako batean izena ematera animatu nahi dute. Hartara, uda baino lehenago, Baztanen ehun bazkide berri lortzeko helburua erdietsi nahi dute.

Erlazionatuak

Mattin Aiestaran-Energia Ona

Xorroxin irratia 2019 ots 27 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun