Astelehenean Eurren dagoen Biovallée-Le Campus ekoegoitzan egun osoko saio trinkoa egin zuten Biovalléeren ezaugarrietaz, bilakeraz, oinarrietaz eta antolaketaz ikasteko. Aldi berean, Val de Drômeko tokiko nekazaritza estrategiaz eta energia trantsizio estrategiaz aritu ziren.
Jean Serret Eurreko alkate eta Val de Drômeko lehendakariak ongietorria eman zien eta bertako lurralde garapen ulertzeko denboran 40 urte gibelerat egin behar zela adierazi. Orduko gainbeherari ingurumenaren balioztatzearekin eta nekazaritzaren eraberritzearekin buelta ematen hasi zirela jakinarazi zien. Bertzalde, Biovallée elkarteko arduradunek elkartea 2012. urtean sortu zela jakinarazi zuten, lehenago sortu zen marka kudeatzeko elkarte bezala. Augustin Gendouz elkarteko idazkari nagusiaren erranetan elkartean urtearen akaberako 1000 bazkide izanen dira: erakunde publikoak, enpresak, jendebanakoak… Val de Drômek 55.000 biztanle ditu.
Biovallée marka eragile bakoitzak bakarka erabiltzen du, horretarako eskaria eginez eta autoebaluzazioan oinarritzen den konpromiso gutuna betetzeko engaiamenduarekin. Konpromiso gutunak hain zuzen denak norabide berean ibiltzeko tresna eskaintzen du, 55 konpromiso zehatzen bidez garapen iraunkorraren bidean ingurumen, ekonomia, gobernantza eta alderdi sozialetik lurralde bezala ibiltzeko; hau da, lurraldearen eraldaketarako tresna ere bada. Gendouzek erran zuen eskualdeko eragile guztiek ez dutela Biovallée ongi ikusten, baina ibili beharra dagoela eta ibilitakoan ikusten dela egindakoa. Denen adostasunaren zain egon izan balira ez lirateke ibiltzen hasi izanen.
Bertako nekazarien %38 ekologikoan ari da, Frantzian %3,5
Bertzalde Huges Vermier Val de Drômeko nekazaritzako arduraduna laborantzaz mintzatu zitzatzien. Bereien planteamendua izan dela makro eskalatik hurbilekora ekartzea eta modu horretan tokiko elikadura sistema antolatzen hastea. Tokiko eta lurralde ikuspegitik nekazaritzak alimaleko balioa hartzen du, lurraldea artikulatzeko ahalmena baitu , jateko osasuntsuak ekoizten ditu, paisaia eraikitzen du e.a. Hortaz, nekazaritza jendarte osoaren aferan bihurtzen da, ez sektoreareanean bakarrik. Vermierrek erran zuen bertako nekazarien %38 ekologikoan ari dela, Frantzian %3,5.
Akitzeko, energia kontuetaz aritu ziren arloaz arduratzen diren teknikariekin. Landa eremuan energiaren kontsumoaren ezaugarrietaz aritu ziren, gehiena mugitzeko xahutzen dela eta, beraz, bertze mugikortasun eredu bat bultzatu behar dela. Halaber, energia ekoizteko proiektu desberdinak abiarazi zituztela jakinarazi zuten, horietan gehienak eguzkiaren indarra baliatzeko. Ildo horretan, eraikuntzak energetikoki eraginkorrak izatea garrantzitsua dela aipatu zuten.
Eguna, nolanahi ere, Les Amaninsen hasi zuten. Baserri ekologikoa da Les Amanins eta kooperatibismoan oinarrituriko lehen hezkuntzako proiektu pedagogikoa kudeatzen dute. Bertan hogei lagunek lana egiten dute eta bisitariak ere hartzen dituzte. Egunero 80 otordu ematen dute eta otorduen %80 bertan ekoitzitako jatekoekin egiten dute. Horrela, elikadura, energia, ekonomia eta eraikuntza burujabetza landuz, burujabetza politikoa eskuratu nahi dute, erabakitzeko ahalmena bere gain izateko.
Arras Baztan marka eta fundazioa
Arras Baztan marka eta fundazioa joan den irailean aurkezten zituzten. Bertan parte hartzen dute Baztango Zaporeak, Apopilo, Prest!, Bertan eta Baztango Artesauak elkarteek eta Elizondoko lanbide eskolak, Garalurrek eta Baztango Udalak. Helburua, Baztango nortasunarekin bateragarria den lurralde garapen estrategia iraunkorra lantzea da eta, horregatik, Val de Drômeko esperientzia aitzindaria ezagutzeko ibilaldia egin dute.