Orakunde eta inauteriak asteburu honetan ospatuko dituzte Zigan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 21a, 06:30
Joan den urteko inauterietan Zigan.

Ortziralean Orakunde eguna ospatzeaz gain, gazteak puskak biltzen ibiliko dira trikitilariekin 

Ez dute aspertzeko astirik izanen asteburu honetan Zigan. Besta giroa izanen da nagusi, Orakunde egunarekin hasi eta inauteriekin borobilduko dutelako asteburua.

Ortziralean, otsailak 22, Orakunde eguna izanen dute. 10:15ean meza izanen da eta ondotik, Zigaurren eta herrian barna eskean ibiliko dira Andoni musikariarekin. 14:00etan mahaiaren bueltan elkartuko dira. Arratsaldean, 16:30ean, haurrendako jolasak izanen dira eta oilarra harrapatzen ere ibiliko dira. 19:00etan txokolate beroa eskainiko dute eta Andonirekin dantzaldia izanen da.

Egun berean, gazteek inauteriak hasiko dituzte. Goizean gosaldu eta Zigaurre auzoan eta baserrietan puskak biltzen ibiliko dira trikitilariekin.

Larunbatean, berriz, otsailak 23, gosaldu ondotik, gazteek herrian barna eginen dute itzulia, trikitilarien doinuekin puskak bilduz. 20:30ean frontoian mozorro dantzaldia antolatu dute Andonirekin eta 22:00etan afaria izanen da. Ondotik Beñat eta Andonirekin segituko du bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun